Aurtengo biltzarra Oñatiko Unibertsitatean egin zen irailaren 16, 17 eta 18an. Jendetza ugari bildu zen bertara, eta antolakuntza eta jasotako emaitza teoriko berritzaileak izan dira nabarmen maila akademiko altuko ekitaldi honetan.
Biltzarrak 24 aditu bildu zituen, 12 hitzaldi eta 6 komunikazio jaso ziren, Nafarroako numismatikari buruzko 2 poster, 2 bisita gidatu, Aitzorrotzeko gaztelura irteera, tailer 1, 1512ko inbasioari buruzko 11 panelen erakusketa. Deustuko katedradunak, EHU/UPVkoak, Paderbornekoak (Alemania); doktoreak, unibertsitateko irakasleak, gizarte eragileak, historia taldeak... parte hartu zuten jardunaldi hauetan.
"Kalitate handikoa"
Txertoako Martin Ansok aipatu duen bezala, akta liburua "kalitate handiko lana da, baina maila akademiko altukoa izanagatik ez du zertan adituentzako bakarrik izan", publiko zabalari zuzendua baitago.
Iaz Vianako biltzarreko hitzaldiak jasotzen zituen liburua argitaratu zuten, eta hilabete eskaseko epean agortu zen. Bi liburu hauek Nabarraldek biltzarren bitartez egiten duen ikerketa eta zabalkundearen emaitza dira, 1512ko Nafarroaren konkistaren inguruan historialari, katedradun eta ikertzaileek egindako hitzaldiak jasotzen dituztelarik.
Ondorio historiografikoak
Biltzarreko zuzendari den Joseba Asiron historialariak adierazi duenez, Oñatin aurkeztutako lanek 4 ondorio zehatz plazaratu dituzte. Lehenengoaren arabera, ezin da konkista bakarraz hitz egin, konskistetaz baizik, mendetan zehar luzatu zirenak. 1200, 1462...
Ondorio honek teoria paktistak guztiz baliogabetzen ditu. Nafar erresumak ez zizkion Gaztelari mendebaldeko lurraldeak borondatez eman, eta ez zen nafar erresumaren eta Gaztelako erresumaren "berdinen arteko bateratzerik" egon, konkista gordina baizik.
Behartuta
Bigarren ondorioaren arabera, mendebaldeko euskal lurraldeak konkistan –behartuta- parte hartu zuten arren, parte hartze hau ez zen borondatezkoa izan eta ez zuten hartatik inolako etekinik atera. Ez nobleziak, ez hiribilduek ez eta biztanleriak ere.
Hirugarrenik, Nafarroako konkista harrapakeria kanpaina bat soilik izan zela esatea okerra litzateke. Errege katolikoek mugak ixteko zuten plan estrategikoaren barruan sartzen zen, batez ere Pirinioei dagokienez, horrela beraien agintea penintsula osoan bermatzeko.
Inkisizioa
Oñatiko historialarien biltzarreko laugarren ondorio bat ere aipatzerik dago: konkista ondoren biztanleriaren diziplinamendu prozesu bat eman zen; Inkisizioak baliatuta, prozesu honek batez ere emakumeei eragin zien. Horrela kontrol politikoa eta errepresioa familietara eramatea ahalbidetu zen.
Oro har ikerketa eta eztabaida ildo berriak zabalduko dituzten ondorio historiografiko interesgarriak.
Oñatiko Akta Liburua, Txertoa argitaletxeak Nabarralderekin koedizioan kaleratu duena, 19.30 eurotan aurkituko duzu Nabarralden edo Elkar dendetan.