1936ko uztailaren 18an militar batzuk Errepublikaren kontra altxatu ziren, eta urte bereko irailaren 21ean matxino-faxisten eskuetan erori zen Oñati. Data hori abiapuntu hartuta 370 orriko liburua idatzi du Gogoratu Guran taldeak.
"Egia eta justizia bilatu nahian, Oñatiko faxismoaren biktimei eman diegu hitza", esan zuen Nekane Arrazolak. Hori horrela, 62 testigantza jaso dituzte, erdiak emakumeak. Gainera, 300 argazki eta dokumentu batu dituzte. "Ahalegin berezia egin dugu argazkietako pertsonak identifikatzeko. Erakutsi gura dugu pertsonak zirela, ez zenbakiak", esan zuen Idoia Etxeberriak.

Matxino-faxistek Oñati hartu zutenean 6.700 biztanle zituen, eta familia gehienek zuten kideren bat gerrako lehen lerroan. "Jaso ditugun datuen arabera 450 pertsona zire. 115 hil ziren. Datu horiek guztiak jasotzeko, oso lagungarria izan da sufrimendua jaso zuten pertsonek emandako informazioa. Euren laguntzagatik gure eskerrik beroenak", esan zuten aurkezpenean.

Hamar kapitulu
Gerrako Garrak Oñatin liburuak hamar kapitulu zabal ditu: Atarikoa, Bigarren Errepublika garaiko Oñati, Gerraren hasiera eta bilakaera, Oñatiarrak borroka lerroan, Oñatitik ihesi, Errepresioaren aurpegiak, Gerra ostea, Kausak, Bibliografia eta Eranskinak.