Liburu musikatuak CD batean batu ditu Ganbara Txiki abesbatzak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 30a

CD batean aurkeztuko ditu Ganbara Abesbatzak azkeneko urteotan antzeztu dituen ipuin musikatuak. Izan ere, oñatiarrek musikal ugari antzeztu dituzte azkenaldian, euskaraz guztiak ere, eta horiek jendearen eskura ipini nahi dituzte. Liburu musikatuak izena jarri diote eta umeei eta gaztetxoei begira sortutako proiektua da. Egubakoitzean, hilaren 2an, argitaratuko dituzte bildumako lehenengo bi ipuinak eta otsaila aldera hirugarren bat.

4 eta 9 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoen proposamen berria da hau. Jostailugilea eta Eskolopendra dira orain argitara emango duten bi ipuinen izenburuak.

Abestiak eta ilustrazioak

Ipuin musikatu bakoitzean, istorio bat kontatzeaz gain, hainbat abesti tartekatu dira istorioari aurrera egiten laguntzeko. Kontakizuna liburu formatuan plazaratuko da ilustrazioekin lagunduta, paperean irakurtzeko; baita CD-an ere, kontakizuna eta abestiak audioan entzuteko. Liburuan, gainera, hainbat denbora-pasa daude, bukaeran eta CD-an abesti guztien play-backa ere aurkitu daiteke.

Eskaintza berezia

Ipuin bakoitzaren salneurria 20 eurokoa da. Baina, orain, eskaintza berezia egin nahi dute: lehenengo bi liburuak, 35 euroan. Libururen bat erosi nahi dutenek, honako helbide elektroniko honetara idatzi dezakete: idazkaritza.ganbaratxiki@gmail.com.

2003tik kantuan

Ganbara Txiki Abesbatza 2003an sortu zen Oñatiko Ganbara Abesbatzaren babespean, Oñatin. Gaur egun, 11-16 bitarteko 40 bat gaztetxok abesten dute bertan. Bere ibilbidean zehar kontzertu ugari eskaini ditu, bai Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak