Oñati-Zubillaga bidegorri zatia egiten hasiko da Aldundia laister

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko azaroaren 28a

Zati hori egiteko 1.905.770 euro inbertituko ditu, urte bukaera aldera hasiko dituzte lanak eta 10 hilabeteko epean bukatzea espero dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bizikletaren erabilera bultzatzeko eta bidegorri sare egokia osatzeko politikarekin jarraituko du, eta aurten beste bi bidegorri zati egiten hasteko dirua bideratuko du, beste diru partida batzuetan aurreztea lortu duena aprobetxatuz.
 
Lehenengo bidegorria Oñatitik Zubillagara artekoa da, 4. ibilbidekoa, Deba bailara ibilbidekoa. Bidegorri hau Epele (Arrasate) eta Oñati arteko bidegorriaren zati bat da eta egiteke faltako den beste zatia Zubillaga-San Prudentzio-Epele (Arrasate) izango da.

Ezaugarriak

  • 3,9 km-ko luzera 
  • 3,5 m-ko zabalera. Bizikletak eta oinezkoak erabilera partekatuan eta, zenbait tokitan, ibilgailu-zirkulazioarekin erabilera mistoan. 
  • Argiteria izango du. 
  • Oñatiko kaskoa industrialdearekin eta lantokiekin lotuko du, Arboletako irteeratik Zubillaga auzoraino. Hala, eguneroko erabilerarako garrantzitsua izatea espero du Diputazioak. 

Zubillaga-Epele tartea

Zubillaga eta Epele arteko zatiari dagokionez, esleipena egiteke dago. Gauza batzuk egin dira (beste proiektu batekin elkarlotuta zihoalako), baina gauza asko falta dira eta itxita dago, arriskutsua delako. Zati hori egiteko 1,9 milioi behar dira, 2012ko aurrekontuan aurreikusita dago eta Aldundiaren planetan lehentasuna du. Behin esleipena eginda, 8 bat hilabete beharko dira bukatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak