Marco Micciche: "Silvio Berlusconiren eskandaluek arreta desbideratu dute gertatzen ari zenetik"

Txomin Madina Milikua 2011ko azaroaren 20a

Azken urteotan Oñatin bizi den arren, jatorriz Siziliako Catania  hirikoa da Marco Micciche kazetaria. Gertutik jarraitu ditu azkenaldian bere herrialdean, Italian, izan diren gorabehera politiko eta ekonomikoak, eta horietaz eta etorkizunaz berba egin dugu harekin.

Egun berezia izan zen zapatua Italiarendako, Silvio Berlusconik dimisioa aurkeztu zuen eguna. Nola bizi izan zenuen egun hura?
Esperotako eguna zen, ez gintuen ezustean harrapatu. Baziren zortzi hilabete zalantza, zailtasun eta ziurgabetasun egoeran bizi ginela. Eta bai, lasaitasuna izan zen lehen sentsazioa; lehenengo sentsazioa, pentsatzen jarri gabe, lasaitasunezkoa izan zen. Batzuek poztasun handiz hartu zuten; beste batzuek oraindik ez dute sinesten; eta beste askorentzat, urte askoan Berlusconiri botoa eman zietenentzat tristura handiko uneak dira. Izan ere, horrelako gehiengoa izanda, ibilbidea horrelako era, esango nuke, patetikoan amaitzea: botazioa irabaziz, baina abstenitu zirenak Berlusconiren azken legearen aldeko botoak baino gehiago izanda...
Berlusconi bezalako pertsona batendako, Italiaren historiara pasa gura zuen pertsona batendako, egon zitekeen amaierarik txarrena da. Historiara pasako da, bai, baina seguru epaia gehiago dela negatiboa positiboa baino. Dena den, pertsonalki albiste ona izan zen. Baina orain ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Ez gaude denak konbentzituta berlusconismo-a amaitu denik; hark hor jarraitzen du, ez dakigu zer egingo duen, haren hurrengo urratsen zain gaude.

Berlusconi korrupzioarekin eta eskandalu sexualekin lotua izan da urte hauetan guztietan. Deigarria da, baina, ekonomia izan dela boteretik kendu duena...
Oñatiko lagunek galdetzen didatenean Italian gertatzen denaren gainean, nik esaten diedana da Italian, duela hamazazpi urtetik hona, italiarrak acto de fe baten arabera batzen direla: Berlusconiren aldekoak eta kontrakoak. Nork bere istorioa kontatu eta sinesten du. Arazoa da epaiak egon aurretik, justiziak bere lana egin aurretik dena egunkarietan agertu dela: erdiek egunkari batzuek ziotena sinistu dute eta beste erdiek, beste egunkari batzuek ziotena. Emaitza izan da gobernuak hor jarraitu duela gehiengo garbiarekin. Parlamentuan ez dira hauteskundeak galtzen kontrako titularrak daudelako; galtzen dira azkenean ekonomiak agintzen duelako. Normala da erabakigarriagoa izatea herrialde bat krisian egotea, ia kiebran, ustezko eskandaluak baino. Nire ustez, ez dira hain ustezkoak; baina epaiketa asko ez dira amaitu eta askoren ustez Berlusconi epaileen biktima bat da.

Zein da Berlusconiren sekretua, eskandaluak eskandalu, hainbeste jende erakartzeko, hauteskundeak irabazteko?
Italia beti izan da nahiko herrialde polemikoa. 1992an lehenengo errepublika erori zenean, Italiak bi gobernu tekniko izan zituen.Nahasketa handiko garaiak izan ziren, partidu handiak eskandalu handien ondorioz erori ziren eta orduan Berlusconi agertu zen: dena irabazi duen enpresaburua, bere burua eraiki duena. Eskandaluak gero etorri ziren, baina orduan enpresaburu garrantzitsua bakarrik zen, berritzailea. Aurreko alderdiak erori ostean, kontserbadoreen gehiengoak beste alderdi bat bilatzen zuen, eta alderdi hori Berlusconiren Forza Italia izan zen. 
Jendeak interesen arabera ematen du botoa, ez Berlusconi egon den prostituten kopuruaren arabera. Adibide garbiena Eliza Katolikoarena da: ez dago Berlusconi baino katoliko inkoherenteagorik. Baina, era berean, hura izan da bakarra  homosexualen eskubideak oztopatu dituena, baita koma atzeraezinean dagoen pertsona baten bizia etetea erregulatuko lituzketen legeak ere. Izan da gizon bat, katoliko guztiz inkoherentea izanda, Elizaren pribilegioak bermatu dituena. Baina, interes askorentzat, hobe inkoherentea izan arren interes horiek bermatzea, koherentea izan eta enpresaburuen edo elizaren interesak ez bermatzea baino.

Berlusconik Italiako klase politikoaren irudiari egin dion kaltea azpimarratzen dute askok. Nola ikusten dituzte italiarrek politikariak?
Italiarrak futbol entrenatzaile onak dira, tabernan politikari onak dira, eta politikariak gorroto dituzte. Politikariek beti izan dute oso balorazio kaskarra; orain, okerragoa. Jende askok esan dit, eta horrek arduratu egiten nau, hobe izango litzatekeela Parlamentua itxi eta arazoak konpontzeko ardura teknikari bati ematea. Klase politikoarekiko errespetua oso txikia da, Berlusconik horretan lagundu du.

Italiaren arazo ekonomikoak izan dira gauzak aldatzea ekarri dutenak.  Nola bizi dute krisia?
Italia erdialdetik iparraldera doan eremuan, ia Alemaniak bezalako ekoizpen erritmoa duen eremuan, duela urte eta erditik hona krisi ekonomiko garrantzitsua dago eta jendea arduratuta dago: EREak, kaleratzeak... Konfiantza falta handia dago, ez dakite-eta nora doan herrialdea. Hegoaldean beti izan dituzte arazo asko, baina ongizate gizarte informala dute: familia, harremanak... Hor krisia gutxiago ari da eragiten; baina ospitaleetan edo pentsioetan mozketak datozenean, orduan arazo garrantzitsuak etorriko dira.
Momentu honetan beldur handia dago. Izan ere, Espainia okerrago zegoela uste zuten, ez Italia Espainia baino okerrago zegoenik. Eta orain okerrago daudela ikusi da. Langabezia aldetik ez, baina bestela bai. Iratzartzea izan da, iratzartze garratza. Datu batzuk bagenekizkien: dugun zor publikoa Espainiaren bikoitza da, %120az ari gara. Datuak hor zeuden, baina galderak ziren ea Berlusconi deabrua edo santua zen, eta horrek arreta desbideratzen zuen gertatzen ari zenetik. Eta orain esnatu egin dira.

Mario Montirena da gobernu berria antolatzeko ardura. Uste duzu momentu honetan Italiak behar duena dela?
Teorian gaur, ostirala, konfiantzazko boto bila joango da. Lortzen badu izango dugu gobernu bat Montik esan duenaren arabera, ez dena bi hilabeterako bakarrik izango, 2013ra artekoa baizik. Ez dakit irtengo den, baina nik neuk espero dut ezetz.
Egin ditzatela bi hilabetean egin beharrekoak eta gero egon daitezela hauteskundeak; jendeak proiektu bat ordezkatuko duen beste proiektu baten alde. Horrek dauka ona demokraziak, proiektu politiko baten edo bestearen alde egitea. Baina ez dadila etorri Monti bezalako bat, gizon zintzoa, baina era berean Goldman Sachseko langilea, Europara krisia ekarri duen enpresetako bat. Profesional handia izan arren, ekonomialari handia, zalantzak ditut.

Ze etorkizun espero dezake Italiak? Irtengo da honetatik?
Italiaren etorkizuna Europako gainerako estatuei lotuta dago. Italia saia daiteke irteten gastua murriztuta, edo probintziak kenduta. Ez naiz ekonomialaria, baina, nire ustez, arazo horiek konponduta ere, ez dakit Italia bera bakarrik gai izango litzatekeen Txina bezalako herrialde batekin lehiatzeko. Hemendik denak batera irteten gara, edo ez gara irtengo. Nire ustez, Europa solidarioagoa behar da, gauzak orain egiten ari direna baino hobeto egiteko.

Gertatu den guztiak izango du eraginik italiarrengan? Nolakoa?
Ni neu ezkor samarra naiz. Italia oso herrialde kontserbadorea da, gehiengo kontserbadorea duena, baina kontserbadorismo hori arlo publikoan aplikatu eta arlo pribatuan nahi duena eginaz. Mentalitatean zerbait aldatzea asko kostako da. Berlusconismo-a kendu dugu gainetik, baina ez zen Berlusconi bakarrik izan berlusconismo-a eraiki zuena, jende asko zegoen halako zerbaiten zain. Kultura horrek jarraitu egiten du, ez da amaitu. Zentzu horretan, ez naiz oso baikorra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak