Gaixoak artatzeko protokolo berria Oñatiko Osasun Zentroan

Mireia Bikuña 2011ko azaroaren 17a

Osasun zentrora deitzen duten gaixoek duten patologiaren arabera erizainaren edo medikuaren kontsultara bideratuko dituzte. Gaixotasun arinak (katarroak, zistitisak, belarriko eta eztarriko minak, belarrietako tapoiak, eztarriko mina eta koitoaren ondorengo pilula) erizainak atendituko ditu, eta beharrezkoa den tratamentua emango du.

Gaixotasun larriak eta kronikoak medikuak artatuko ditu. Bajak, informeak, eta errezetak egitea, besteak beste, administrarien ardura izango da. "Erizainei protagonismo handiagoa eman gura diegu. Lana antolatuko dugu harreran dauden administrarietatik hasita", esan du Osasun Zentroko arduradun Santiago Ayechuk. Oraingoz pediatria zerbitzuan ez dute protokolo hori erabiliko.

Egun bederatzi mediku, zortzi erizain eta bost administrari daude Oñatiko Osasun Zentroan. Euren artean antolatuko dute lana aurrerantzean, eta horren berri eman gura diete herritarrei. "Gaixoak ohitura oso txarrak dituzte, eta beti eskatzen dute txanda medikuarekin. Jakin behar dute anbulatoriora datozen bakoitzeko ez dutela medikuarekin egon behar. Jakin dezatela aurrerantzean duten patologiaren araberako artatzea izango dutela", dio Ayechuk.

Kontsulta motak

Protokolo berriarekin hiru kontsulta mota sortu gura dituzte: telefono bidezko kontsultak (analisien emaitzak, ezaugarri klinikoen jarraipena eta zalantzak argitzea); kontsulta ez presentzialak; eta kontsulta administratiboak. Harreran dauden langileek altak eta bajak, ebakuntza egin aurreko dokumentazioa, errezetak, anbulantzietarako bolanteak eta espezialistendako txandak emango dituzte.

Medikuak

Osasun Zentroko medikuek patologia guztiak artatzen dituzte, eta erizainek izan ditzaketen zalantzak argitzen dituzte. Protokolo berriarekin, gaixotasun kronikoak, eta patologia bat baino gehiago dituzten gaixoei harreta berezia emango diete. Hartu-eman zuzena izango dute Debagoieneko ospitaleko espezialistekin. "Gizarte geroz eta zaharragoa daukagu, eta euren gaixotasunak kronikoagoak eta larriagoak dira. Horiek behar duten harreta izateko, arinagoak diren gaixoak atera behar ditugu gure kontsultatik. Erizainak gai dira gaixotasun arinak ondo atenditzeko", esan digu Ayechuk.

Erizainak

Orain arte egindako lanari, beste hainbat gehitu diote. Patologia arinak artatzeko ardura izango dute, eta edozein zalantza dutenean medikuari galdetuko diote. "Gaixo askok konfidantza handia dute gugan. 20-25 urtetan erizain berbera izan badute, ez dute beldurrik eduki behar", esan digu erizainen arduradun Isabel Arenatzak.

Pediatria ez

Oraingoz protokolo berria helduendako mediku-familien kontsultatan egingo dute. Pediatria zerbitzuan ez dira sartuko. "Bestelako arazoak ditugu pediatriarekin. Egun bi mediku ditugu, baina askotan bakarrarekin geratzen gara. Oraingoz, ez gara umeen kontsultan sartuko, baina etorkizunean bai. Talde batek lanean dihardu modu egokiena zein den erabakitzeko", dio Arenatzak.

Beste herri batzuetan

Oñatin abian dagoen protokoloa beste herri batzuetan arrakastarekin dute martxan: Zumarragan, Eibarko Torrekua anbulatorioan, Billabonan, Tolosan eta Lazkaon. Debagoienean lehen herria da, baina etorkizunean guztietara zabalduko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak