Ganbara Txikien kontzertua zapatuan Santa Zezilia ospatzeko

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 17a

Ganbara Kantu Eskolako talde guztiek kontzertua eskainiko dute zapatuan, azaroaren 19an, Santa Ana aretoan, 19:00etan. Kurtso honetako lehenengo kontzertua izango da hau eta bertan Tailerretako hiru taldeak, Ganbara Txikitxo, Ganbara Txiki eta Ganbara Gazte abesbatzek, parte hartuko dute. Musikarien zaindaria den Santa Zezilia egunaren baitan antolatu dute kontzertua.

"Askorentzat beraien lehenengo emanaldia izango da hau eta gogotsu dabiltza entseatzen" dio Aitor Biain zuzendariak.

Irailetik prestatu duten errepertorio berria eskainiko dute talde guztiek Santa Anan, eta ohikoa den bezala, musika, dantza eta sorpresak ez dira faltan izango Santa Anako emanaldian. Sarrerak kontzertuaren astean bertan erosi ahal izango dira Kultur Etxean.

Liburu musikatuak

Baina Santa Zeziliako emanaldia ez da Ganbara Txikik eskuartean duen proiektu bakarra. Datorren abenduaren 2an, bi liburu musikatu kaleratuko ditu abesbatzak: Jostailugilea eta Eskolopendra. Liburuak, 4-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude. Liburu musikatuak izanik, irakurtzeko ipuinaz gain, ipuina entzuteko diskoa izango dute liburuek.

Joan den irailean egin zuten grabaketa Ganbara Txikikoek Donostian. Diskoan, ipuinaren narrazioa eta abestiak jasotzen dira eta bigarren atal batean, abestien play-back bertsioak jasotzen dira, norberak etxean abestiak abestu ahal izateko. Liburua osatzeko, denbora-pasa eta ekintza desberdinak ere jasotzen dira liburuetan: hizki-saldak, jokoak, eskulanak, e.a.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak