Javier Goienetxea Konfekoopeko presidenteak eta Felipe Yarritu Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendariak gaur eman dute ezagutzera jardueren programa. Kooperatiben eragin sozio-ekonomikoa euskal jendarteari ezagutzera ematea eta kooperatiben sorrera eta hazkunde autonomoa sustatzea dira programa horren helburuak.
Prestatu diren ekitaldi garrantzitsuenen artean, ondoko hauek daude: CIRIECek antolatu duen Gizarte Ekonomiaren ikerlarien XIV Jardunaldi Nazionalak ekainaren 20, 21 eta 22an Donostian eta Oñatin; TESS Gizarte Ekonomia Jardunaldia 2012ko otsailaren 1ean; Kooperatiben Nazioarteko Biltzarra eta amaiera-ekitaldia Euskalduna Jauregian 2012ko azaroaren 29an; eta Kooperatiben Jaialdia Landako Gunean (Durangon) 2012ko azaroaren 11n. Azken hori ekimen irekia izango da, kooperatibek kooperatibentzat antolatutakoa, eta 2012an jakinaraziko dute programa osoa.
Euskal kooperatibismoaren nazioarteko presentzia
Nazioarteko Kooperatiba Aliantzako presidente Pauline Greenek urriaren 31n inauguratu zuen Kooperatiben Nazioarteko Urtea, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren aurrean. Bere hitzaldian, Arrasateko esperientzia ere aipatu zuen: "Kooperatiba guztiek kausa komun bat defendatzen dute, Euskadiko Mondragonetik hasi eta Herbehereetako Rabobankera edo Txinako hornikuntza eta merkaturatze kooperatibetara. Denek ala denek, euren neurria bata ala bestea izan, nazioarteko garapenarekin konpromiso argia eta zuzena daukate, eta euren kooperatiba-izaeraren berezko konpromisotzat jotzen duten horretan parte-hartze aktiboa daukate."
Pauline Greenek euskal kooperatiben mugimenduarekin egongo da, eta 2012ko azaroaren 29an Bilboko Euskalduna Jauregira etorriko da, Kooperatibismoaren Nazioarteko Biltzarrean eta amaiera-ekitaldian parte-hartzeko. Ekitaldi horretan, halaber, Juan Antonio Pedreñok, CEPESeko presidenteak
ere parte hartuko du.
Kooperatiben Urtearen gaineko webgunea prestatu du Konfekoop-ek.