Bilduko udal taldeak jasotako mehatxuak salatzeko mozioa aho batez onartu zuten

Mireia Bikuña 2011ko azaroaren 16a

Lau puntuko mozioa onartu zuten Bilduk eta EAJk: gatazkaren irtenbidea sustatzeko, dagokion jarduera instituzionalean urratsak emateko konpromisoa hartzea; kargu politikoen aurkako mehatxuak behin betikoz alde batera utz daitezen eskatzea, zabaldu den garai berriari jarri nahi zaizkion oztopoekin amaituz; elkartasuna adieraztea mehatxatuak izan diren udal hautetsi guztiei; eta udalbatzak bere gain hartzea honen ondoriozko balizko gastu judizialak. Osokoa bukatu ondoren, elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean.

Atzo, martitzena, egin zuten ez-ohiko osoko bilkura. Aretoa lepo bete zen Bilduko zinegotziei, eta, batez ere, Iosu Lizarralderi elkartasuna eta babesa emateko. Lizarraldek, osokoen aretoan bildutako herritarren txalo zaparrada jaso ondoren, hunkituta, eskerrak eman zizkien alkateari, Bilduko gainerako zinegotziei eta Lourdes Idoiagari erakutsitako elkartasunarengatik; eta familiari emandako babesarengatik.

Udal langileen komitea

Bestalde, Udal langileen komiteak oharra kaleratu du Bilduko udal taldeak eta Iosu Lizarraldek jasotako mehatxuen aurrean. Lau puntu ditu kaleratu duten oharrak:

  1. Udal langileen komiteak udal langileen izenean, gogor salatu nahi ditu BILDU koalizioko udal zinegotzien aurkako kanpaina eta mehatxuak.
  2.  Udal zinegotziak herritarren gertuko ordezkariak direnez, bai herritarrok eta udal langileok babes jarrera tinkoa adierazten dugu.
  3.  Mehatxatzaileek jarrera honekin ez dituzte zinegotziak mehatxatu bakarrik, zinegotziak herritarren ordezkariak direnez, Oñatiko herri osoari ere bota diote mehatxua.
  4. Egoera latz honetan, udal langileen gertutasuna erabatekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak