Zortzi urte egin dituzu zinegotzi. Nahiko?
Bai. Udalera heldu nintzenean, oso garbi nuen bi agintaldi egingo nituela. Zinegotzi batendako aproposena dela uste dut. Esperientzia barik heldu nintzen Udalera. Lehen agintaldian, departamentua ezagutzeko denbora izan nuen. Teknikariak, Gizarte Zerbitzuaren barruko gauzak... Lehen hartu-emanak izan nituen. Konturatu barik, bigarren agintaldian sartu ginen. Bigarrenean, aurreko esperientzia guztiarekin, beste modu batera egin nuen lan.
Bi agintaldiak Gizarte Zerbitzuetan, batzordeburu. Gustura?
Bai, oso. Zinegotzi kargua hartu nuenean, alderdikideei esan nien Gizarte Zerbitzuak gura nituela. Betidanik gustatu izan zait pertsona helduekin eta adindunekin lan egitea.
Sartu zinenean, nola zegoen departamentua?
Ondo antolatuta. Egia esan, punta-puntako teknikariak daude Gizarte Zerbitzuetan. Asko eskertzen diet nirekin egindako lana. Kargua hartu nuenean, argi eta garbi esan nien talde moduan lan egingo genuela. Ni ez nintzela zinegotzia eta eurak teknikariak. Eta horrela egin dugu lan zortzi urtean: lantalde moduan. Azken finean, zinegotziak aldatu egiten dira, baina teknikariak ez.
Zortzi urtean lan handia egin zenuten. San Martin egoitza goitik behera berritu zenuten.
Guk egindako proiektu nagusia izan da, izarra. 2006an eraberritze lan handia egin genuen. Urte hartan, abenduan, hirugarren solairuan psikogeriatrikoa inauguratu genuen. Zaharren egoitza baten zegoen Gipuzkoako lehen psikogeriatrikoa izan zen. 2007an gainerako solairuak eraberritu genituen. Eta 2009an beheko solairua antolatu genuen: ile-apaindegia, taberna...
Dirutza handia erabili genuen egoitzari egun duen itxura emateko. 83 egoiliarrendako lekua dago.
Kalitate handiko egoitza da. Gipuzkoan daudenen artean onenetarikoa. Kalitate maila hori izateko, ematen den zerbitzuaz gain, hango langileen eta mojen lana azpimarratu gura nuke. Bereziki aipatu nahiko nuke Sor Maitek egin duen lana. Bederatzi urte egon da egoitzako arduradun moduan, eta tarte horretan eraberritu dugu egoitza. Lerro hauen bidez, eskerrak Sor Maiteri.
Eguneko zentroa aurrerapauso inportantea izan zen?
Bai. Egoitzaren ondoren eman beharreko pausoa zen. 25 lagun daude egun.
Etxez etxeko zerbitzuan ez dago itxaron-zerrendarik.
Hala da. Herri bakarra gara itxaron-zerrendarik ez daukaguna. Zerbitzua azpi-kontratatuta dauka Udalak. 80 bat herritarrek dute etxez etxeko zerbitzua; bi agintaldietan eskaera guztiak bideratzen saiatu gara.
Gizarte Zerbitzuen barruan daude, baita ere, emakumeei laguntza emateko zerbitzua eta droga-menpekotasun zerbitzua.
Erantzun ona izan dute herritarren artean. Bi sail horietan lan handia egin dugu. Baina ezkutuan egindako lana da. Jendaurrean ezin da dena erakutsi.
Eta orain zertan betetzen dituzu orduak?
Ez daukat aspertzeko denborarik. Alderdi politiko bateko kidea naiz eta horrek ardura batzuk dakartza. Ez nago politikako lehenengo lerroan, baina laguntzen jarraitzen dut.