Mehatxuekin ez dutela garai politiko berria oztopatuko esan du Bilduk

Oihana Elorza Gorostiza 2011ko azaroaren 14a

Oñatiko Bildu koalizioko zinegotziek urrian zehar udal webgunearen bitartez jaso dituzten mehatxuak eta Josu Lizarralde hautetsiak etxeko buzoian jasotako mehatxu gutuna salatzeko eta elkartasuna adierazteko ehun bat lagun elkartu dira eguerdian Oñatiko plazan.

Fascista, no hay tregua, viva la Guardia Civil dio Lizarraldek jasotako gutunak, eta Bilduko logoa eta bere aurpegia mira baten barruan ere agertzen dira. "Mehatxu horiek, zabaldu den garai politiko berria oztopatu gura dute, baina argi esan gura dugu ez dutela lortuko. Interpelazioa luzatzen diegu eragile guztiei eta gizarteari orohar, garai berriaren aldeko konpromisoa hartu duten ordezkari politikoak jasatzen ari diren mehatxuen aurrean konpromiso garbiak har ditzaten", esan du Nerea Zubia Bilduko hautetsiak plazan elkartu direnen izenean.

Bestalde, "mezu garbia mehatxuekin jarraitu gura dutenei: fan hemendik, herri honetan ez duzue tokirik", luzatu du Jose Luis Fernandezek. Josu Lizarraldek eskerrak eman die elkartutakoei babesa ematearren.

Martitzenean ez ohiko osoko bilkura

Martitzenean, ez ohiko osoko bilkura egingo dute Oñatiko udaletxean. Bilduko hautetsiek jasotako mehatxuen inguruko mozioa aurkeztuko dute eta herritar guztiak deitu dituzte osokoan eta ondorengo kale agerraldian parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak