Ruper Ordorika: "Grabatzerakoan kantuek arnasa hori eskertzen dute, landuegiak ez izate hori"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko azaroaren 15a

Hodeien azpian Ruperren lan berria eskuetan hartuta, musikari oñatiarrarekin izan gara. Azken lanekin egin izan duen moduan, New Yorken grabatu du diskoa. Sasien gainean eta hodeien azpian dagoenaz diharduela azaldu du Ruperrek.

Beste behin ere New Yorkera joan zara disko grabatzera. Zer topatzen duzu han?
Kasu honetan ia-ia arrazoi teknikoengatik joan nintzen. Badaukat han estudio bat teknikaria ezagutzen dudana, azkeneko sei edo zazpi diskoetako musikariak ere han bizi dira… Kasu honetan gehienbat estudioagatik joan naiz. Gauzak oso nahasiak daude musika munduan eta han lan interesgarria egin nuen azkeneko lanean. Musikaren kontu horietan ahal den ondoen edo momentuan momentuko gauzak aprobetxatzen ditut. Arrazoi askorengandik joan nintzen New Yorkera, bestela musikariek hona etorri behar zuten, gainera hango estudioak duen tresneria zaharra asko gustatzen zait.

Produktua, baina, Euskal Herrian bukatu duzu.
Bai, Elkarrek badu estudio bat Donostian eta gero neure anaiak egiten du masterra deitzen dena. Beste teknologia bat eta beste ukitu batzuk… lan handia egin du, nire sentsazioa hori da lan handia egin duela. Kontrakoa ematen duen arren, oso disko gardena zentzu batean, baina lan asko darama.

Grabatu, zuzenean bezala egiten duzu. Zure modua hori da?
Nire ustez kantuek eskertzen dute arnas hori. Landuegiak ez izatea. Hor badago benetakotasun bat, badago zerbait musikariek batera grabatzen dutenean. Eta badakizu, diskoak dena onartzen du, disko handiak egiten dira atalka edo poliki-poliki. Baina nik aspaldi erabiltzen dut modu hori, denek batera grabatzea, eta nik uste dut kantuek eskertzen dutela hori, beste mugimendu bat, beste energia bat dago.

Oraingoan, Ben Monder gitarra jolea gonbidatu gisa dago. Aldaketa dakar horrek soinuan?
Nik uste dut diskoak baduela lotura handia aurrekoekin. Baina ez da gauza bera, uste dut gitarra jolea aldatzeak zeresan handia daukala. Baina zuzenean beste musikari batzuekin ibiltzen naiz, eta azkenean beti kantuak nagusitzen dira.
Ben Monderrek asko janzten ditu abestiak harmonikoki oso kantu sendoak egiten ditu, oihartzun handikoak. Eta Ulrich askoz ere zehatzagoa da, eta kantuak biluziagoak dira zentzu horretan. Nik uste dut eskertzen dela.

Badago gai nagusirik diskoan?
Ez dut uste gai bat dagoenik. Kantuak jorratzen dituzten gai nagusiak betikoak dira, maitasuna, gorrotoa, ahaztura, oroitzapenak, alaitasuna… kantuaren gai arketipikoak horiek dira. Edozein gauza tratatu daiteke kantuan eta oso gutxitan esaten dut aurretik: "Honetaz egin behar dut…". Datorren bezala, gehienetan melodiak agintzen du nora joan behar dudan. Baina ez beti, badira salbuespenak. Gehienetan hariari jarraitu eta gaira moldatzen naiz, barruan ditudanak, eta kanpoan, hodeien azpian.

Zergatik aukeratu duzu Hodeien azpian izena?
Hori lehenengo kantuan dago, Nirekin geratu errepika da. Pentsatu nuen izenburu horretan euskal jendearen artean oso esaera ezaguna delako, Sasi guztien gainetik hodei guztien azpitik… sorginen konjuruen bezala. Gauza bitxia da, nik beti pentsatu izan dut zer ote den sasien gainetik eta hodeien azpitik... eta uste dut diskoa hortaz doala, hor dagoenaz, munduaz, zutaz, nitaz… Hori pentsatu nuen eta horregatik jarri nion diskoari titulua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak