Ulmak bidezko merkataritzako sei kafe makina ipini ditu

Leire Kortabarria 2011ko azaroaren 4a

Ulma Taldeak bidezko merkataritzako sei kafe-makina jarri ditu Oñatiko Garagaltza auzoan duen eraikineko atseden-guneetan. Gainera, vending zerbitzua emateko, ezinduak eta gizarteratzeko programan dauden pertsonak kontratatzen duen enpresa bat aukeratu du.

Ulma Taldeak Bidebarri Enplegu Zentrua enpresa kontratatzea erabaki du vending zerbitzuaren hornitzaile izateko. Oñatiko Udalaren eta Caritasen bidez sortutako enpresa da, pertsona ezinduei edo/eta GGD (Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera) programan daudenei lana emateko helburuarekin.

Lehen fase honetan, bidezko merkataritzako sei kafe-makina jarri dira. Helburua bazkide eta langileei ekimenaren berri ematea da, Ulma Taldeko gainerako Negozioek ere proposamenarekin bat egitea lortzeko.

Plastiko gutxiago kontsumitzea

Kafe-makina berriek bidezko merkataritzako kafea emateaz gain, plastikozko edalontziak antzematen dituen sentsorea daukate. Sentsore horren bidez, bazkide eta langileak sentsibilizatu egin nahi dira, bakoitza bere edalontzia erabiltzen hasteko eta horrela, plastikozko edalontzien kontsumoa murrizteko.

"Ulma Taldeak Enpresako Erantzukizun Sozialarekin eta Gizarteko kolektibo behartsuenekin duen konpromisoa berresten du proposamen honekin", esan du Oñatiko talde kooperatiboak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak