Mendiko kale herrigune historikoan sartuko du Eusko Jaurlaritzak

Mireia Bikuña 2011ko azaroaren 4a

Oñatiko herrigune historikoa monumentu-multzo kategoriako kultura ondasun izendatzeko espedienteari Udalak eta hainbat herritarrek egindako alegazioen erantzunak jaso berri dituzte. Udalak hiru puntuko alegazioa aurkeztu zuen, eta banaka-banaka aztertu dituzte Jaurlaritzan.

Lehen puntua herrigune historikoaren mugaketari dagokiona da. Eusko Jaurlaritzak 1990ko hamarkadaz geroztik indarrean dagoen perimetroa zabaltzea proposatu zuen: Bidaurreta herrigune historikoan sartzeko, Mendiko kale, Euskadi etorbidea, Apaolaza, Etxaluze eta Lazarraga kaleak sartzeko proposatu zuen. Udalak mugaketa horren kontra alegazioa aurkeztu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak onartu egin du salbuespen batekin: Mendiko kale herrigune historikoaren barruan sartuko dute.

Babes maila

Udalak aurkeztutako alegazioaren bigarren puntuak babes mailari egiten zion erreferentzia. Alegia, herrigunean dauden etxebizitzek izan beharreko babes mailari dagokiona. Udalak eskatu zuen perimetroaren barruan dauden eraikin guztiek, orain arteko babes maila mantentzea. Hori horrela eskatu zuten, Baruena, Galartza, Leturia eta Onako etxeek erdi mailako babesarekin jarraitzea. Jaurlaritzak esan du berriro aztertuko dituela, baina etxe horiek "seguruenik" babes berezia izango dutela. "Etxe horietako jabeek alegazioak aurkeztu zituzten. Oñatin babes maila berezia dute parrokiak, unibertsitateak eta udaletxeak. Babes maila berezia izateak esan gura du etxe horien barneko antolaketa ezin dela aldatu. Ez dute behin betiko erabakia hartu, baina ez dugu uste babes maila mantentzea onartuko dutenik", esan digute udal arduradunek.

Behin betikoa 2012rako

Jaurlaritzak abuztuaren 8an argitaratu zuen herrigune historikoa kultura ondasun izendatzearen inguruko ebazpena. Alegazioak aurkezteko epea irailaren 1era luzatu zuten. Udalaz gain, hainbat herritarrek euren alegazioak aurkeztu zituzten.
Horiek guztiak aztertu dituzte, eta erabaki batzuk hartu ostean,  behin betiko dekretua egitea falta da. "Puntu batzuk zehazteko dituzte, baina eurekin egindako azken bileran esan ziguten, behin betiko dekretua 2012ko apirilerako edo maiatzerako egingo dutela", dio Lizarraldek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak