Esne-gain eta txokolate bako tartak

Arritxu Barruso 2011ko azaroaren 5a

Fardelezko tartak egiten dira enkarguz dioten kartelak agertu dira azkenaldian Oñatiko kaleetan. Zer izango dira, ba, fardel-tarta horiek? Eta nor dago kartel horien atzean? Paperean ageri den telefono zenbakira deitu eta Aitziber Iglesiasek atsegin handiz eman dizkigu xehetasun guztiak.

Jaioberriei opari egiteko fardel-tartak egiten ditu, eta, antza denez, ideia berritzaile hori arrakasta handia izaten ari da. "Duela bi hilabete inguru hasi nintzen fardel-tartak egiten. Niri horrelako bat opari egin zidaten eta oso ideia originala irudi zitzaidan. Ni neu Zarautzen bizi naiz, baina familia daukat Oñatin; beraz, lotura daukat Debagoienarekin".

Opari pertsonalizatua
Lagun eta senitartekoendako opari gisa hasi zen fardel-tartak egiten Aitziber Iglesias, baina, apurka-apurka, haren artelanak gero eta ezagunagoak egiten ari direla kontatu digu: "Oso pozik nago izaten ari diren erantzunarekin. Egia esan, oso opari originala da, horrelako momentu berezi batean emateko aproposa. Gainera, nork bere nahietara eta aurrekontura molda dezake oparia. Izan ere, fardel-tarta oinarria litzateke eta gero oparitxoak gehitzen dizkiot horri: peluxe bat, adur-zapia, bodya, toalla txikia, silikonazko goilarea, sonajeroa, jaboia, kolonia, txupetea, biberoia...".
Opari guztiak ez dira agerian geratzen, beraz; Iglesiasek berak esaten duen moduan, epe luzerako oparia da, tarta zabaltzen den neurrian gauza berriak agertzen dira-eta Prezioa, noski , gehitutako oparitxoen araberakoa izaten da, baina, batez beste, 70 euro inguru izaten da (argazkian ageri dena, esaterako).

Moda berria sortzeko asmoz
Aitziber Iglesias ez da geldik egoten den horietakoa eta azken bi hilabete hauetan han eta hemen zabaldu du bere idea. www.regalosoriginalesparabebes.blogspot.com webgunea ireki du eta hainbat enpresarekin harremanetan jarri da produktuen berri emateko. Argi dauka bere tartek etorkizun handia dutela: "Ez dakit oraindik modan dauden, baina dakidana da modan jarriko ditudala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak