Kulturaz blai dator azaroa Oñatin

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 3a

Oñatiko Udalak azarorako herrian prestatu diren kultura ekitaldien berri eman du. Udal Musika Bandaren eta Ganbara Txikiren emanaldiez gain, antzerkia, film laburren rallya eta Aloña Mendiren mendi hamabostaldia nabarmentzen dira egitarauan.

Bi antzezlan izango dira hil honetan Oñatin: batetik. Arratoitxo pinpirina, azaroaren 13an, domekan, Santa Ana Antzokian. Bestetik, Pake Lekuko Ikusi Makusi antzerki taldeak eskainiko duena, azaroaren 18an, Santa Anan hau ere.

Arratoitxo pinpirina Glu Gluk aurkezten duen umeendako antzezlan berria da. Musikala, hain justu ere. Kantak, dantzak eta komedia nagusi dira ipuin klasiko honen moldaketan. Bertan Arratoitxo pinpirinaz gain, pertsonaia asko agertuko dira. Hala nola, lagun Sagu fidela, katu maltzurra, oilar eroa eta Korrok txerritxo maitagarria.

Sinopsiak hauxe dio: "Arratoitxo pinpirinak izugarri maite ditu soineko dotoreak eta zapata berriak. Horregatik, urrezko txanpon bat aurkitzen duenean bere ametsa egi bihurtuko da: nahi bezain beste jantzi erosi. Baina diruak izaki maltzurrak erakarriko ditu".

3 eta 9 urte bitarteko haurrentzat ikuskizuna da eta sarrerak, azaroaren 2tik aurrera salgai egongo dira Kultur Etxean, 3,5 eurotan.

Osterantzean, honako hau da azaroko Oñatiko kultur egitaraua:

Zapatua, 5:

09:00etan hasita: II. Laburmetrai rallya.

Domeka, 6:

12:45: Oñatiko Musika bandaren kontzertua. Santa Ana antzokian.

Domekan, 13:

17:00: Arratoitxo pinpirina. Antzezlana. Santa Ana antzokian. Sarrerak, azaroaren 2tik aurrera salgai Kultur Etxean, 3,5 eurotan.

Azaroak 15, 16, 17, 22 eta 23:

Aloña Mendiren Mendi hamabostaldia.

19:30etan hitzaldiak + 20:00etan zine-kluba.

Egubakoitza, 18:

17:30: Pake Lekuko Ikusi Makusi antzerki taldearen eskutik, antzerkia. Santa Ana antzokian.

Zapatua, 19:

Ganbara Txikiren hiruhilabeteko kontzertua. Santa Ana antzokian

Domeka, 27:

12:45: Oñatiko Musika bandaren kontzertua. Santa Ana antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak