Jose Mari Larrañaga: "Francoren eta Erregearen erretratuak eta gurutzea zeuden Udalera heldu ginenean"

Mireia Bikuña 2011ko azaroaren 2a

Jose Mari Larrañagak 20 urte egin zituen ezker abertzaleko zinegotzi moduan: 1979tik 1999ra. "Gehiegi", haren esanetan. Urte guztiak oposizioan egin zituen. Oroitzapen "onak" ditu. Oso gazte heldu zen Udalera, demokraziarekin batera. Orduko bizipenak errepasatu ditugu harekin.

20 urte zinegotzi lanetan.
Urte asko, gehiegi. 12 urte badira politika utzi nuela, eta konturatu naiz asko nekatzen duela. Erreta bukatu nuen.

Ezker abertzaleko zinegotzi izan zinen, askotariko siglekin.
Demokraziarekin batera heldu nintzen Udalera, oso gazte eta esperientzia barik. Hasierako agintaldietan Herri Batasuneko udal taldea ginen eta azkenengora Euskal Herritarrok moduan aurkeztu ginen.

Udalera heldu eta zer?
Guztia antolatu beharra izan genuen. Francoren eta Erregearen argazkiak, gurutzea eta bandera espainola zeuden han. Gaur egun pentsaezina da halakoak egotea. EAJrekin eta PSE-EEko zinegotziarekin adostuta, guztiak kendu genituen.
Udal jarduna batzordeetan antolatu genuen, eta horietan euskara oso gutxi erabiltzen zenez, euskararen aldeko apustua egin genuen.

Zuk, batez ere, nekazaritzaren inguruko batzordeetan parte hartu zenuen.
Eta lan handia egin genuen. Oñatik baso publiko asko ditu. Gu heldu ginenean zerrenda egin genuen, eta bakoitzaren egoera zehaztu. Zenbakitu eta garbitu egin genituen. Oro har, nekazaritzaren gaineko kontuetan aurrerapauso asko eman genituen; batez ere, lehen agintaldian.

Mehatxuak jaso zenituzten.
HBko udal taldekook Batallon Vasco Españolek bidalitako gutuna jaso genuen. Laredoko zigilu-marka zuen. Hori horrela, Eli Galdos alkatearekin berba egin, eta hilabetez Udaleko lanak utzi genituen. Lanera itzuli eta hiru bat hilabetera, banakako gutunak jaso genituen. Haiek ere Kantabriako zigilu-marka zuten, baina orduko hartan lanean jarraitu genuen.

Oposizioan egon zarete, EAJren gehiengoarekin. Tentsio handia  zenuten?
EAJk aurkezten zituen proiektuen gain alegazioak aurkezten genituen, baina atzera botatzen zituzten guztiak, baita aurrekontuei egindakoak ere.
Gure proiektuak eta proposamenak aurkezten genituen, eta hurrengo agintaldian EAJk bereak izango balira bezala aurkezten zituen.

Orduko politika oraingoa baino sanoagoa zen?
Bai. Demokraziarekin batera heldu ginen, itxaropentsu eta ilusio handiarekin. Baina ilusioa genuen politikariok eta baita herritarrek ere. Udalarekin hartu-eman zuzena zuten. Egun, ez. Herri mugimendu ikaragarria zegoen orduan.

Nolako hartu-emana izan zenuen gainerako zinegotziekin?
PSE-EE eta PPko zinegotziekin ez genuen hartu-emanik izan. EAJkoekin bai, eta nahiko ona izan zela esango nuke. Alde batetik, politika zegoen, eta arlo horretan nork bere ideiak zituen; eta beste alde batetik, herritarrak ginen, eta elkar errespetatzen genuen.

Tentsio momenturik gogoratzen duzu?
Susana Arregiren heriotzarekin bai, bizi izan genituen tentsio uneak. Borrokatu egin ginen zerraldoa osoko bilkuren aretoan egoteko.

ETAren komunikatuaren ondoren, zer?
Donostiako Bake Konferentzian egon nintzen lagun batzuekin, eta hunkigarria izan zen. ETAren komunikatua hausnarketarako unea da. Etorkizunari aurre egiteko gertu egon behar dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak