Oñatiarrek lan bikaina egin zuten eta partiduan oso sartuta egon ziren. Markagailuan 6 eta 10 puntu arteko aldea mantendu zuten partidu guztian eta horrek pixkanaka lasaitasuna eta segurtasuna eman zien, donostiarrak urduritzen zihoazen bitartean. Azkenean Xabi Igartuaren mutilek 16 puntuko aldea atera zioten Easori; 64-80 irabazi zuten. Jaurtiketetan ere oso fin ibili ziren oñatiarrak eta hiru puntuko dezente saskiratu zituzten.
Bigarren garaipenaren ostean indartsuago sentitzen dira hurrengo partidurako. Donostiako Cafes Aitonaren kontra jokatuko dute etxean eta entrenatzaileak esan zuen moduan aurrerantzean "errespetuz, baina beldur gabe" begiratuko diete arerioei.
Jarraitzaileen babesa
Autobus bete jarraitzaile joan ziren Josean Gascara eta donostiarrak baino oñatiarrak gehiago ziren harmailetan. Realaren partidua aprobetxatuta gainera, asko Anoetara joan baino lehen oñatiarrak animatzera joan ziren.
Natra Oñati babesle berria
Garaipenak ez dira albiste on bakarrak Aloña Mendin. EBA ligara igotzeak aurrekontuan igoera handia suposatzen du. Bada, asteburuan jakinarazi dute Natra Oñati enpresaren laguntza izango dutela etapa berri honetan.