Trikitixa biolinaren erritmora, bikain

Maider Arregi 2011ko urriaren 30a

Aste bukaeran, Oñatiko erdiguneko kaleak trikitixa, pandero, biolin eta gitarra doinu alaiek jantzi dituzte. Oraindik biolinista askok klasikotik jotzen du eta herri musikan aritzen direnak gutxi dira. Baina zenbait euskal biolinista trikitixarekin elkarlanean ari direla ikusita, aurtengo Nazioarteko trikitixa jaialdian, biolinari protagonismoa eman zaio. Juan Arriola biolin-jotzaileak, herriko musikan ez dela oso errotua egon biolina azaldu digu; izan ere, musika klasikoaren bidea hartu du biolinak urtetan. "Oskorrik adibidez, biolina sartu izan du, baina, gutxi gara biolina herri musikan erabili izan dugunak", gaineratu digu Arriolak.

Kanpoko eta bertako musikaren gainean jardun zuten zapatuan kultura etxean Joseba Tapia trikitilariaren gidaritzapean. Tapiak balorazio positiboa egin zigun: "Andoainen hasi eta Oñatin jarraitu dugu. Oso pozik gaude; workshop formatua lehen aldiz egin dugu eta arrera ona izan du. Trikitilaria hizketan ikustea ere polita da, bere kezkak eta historiak kontatzen entzutea aberasgarria da. Asko identifikatuta sentitzen gara-eta kontu horiekin".

'Elgeta' maisua

Workshop-ean, Jon Ostolaza trikitilariak azaldu zuen moduan, lehenengo soinuek ilara bakarreko botoiak zeramatzaten. Ostean erantsi zitzaien bi ilara. Euskal Herrian, eskuinean 21 botoiko eredua zabaldu zen. Elgeta trikitilariak aldiz, gabezia batzuk nabaritu eta 23 botoikoa erantsi zion. Hain zuzen ere, Elgetak zabaldutako eredu hori da egungo trikitilariek erakusten eta erabiltzen dutena.

Herrialde bakoitzak ordea, sistema propioa erabiltzen du: Kataluniak, Kantabriak edo Irlandak, baxuaren sistema ezberdina dutela azaldu zuten. Doinua eta erritmoaren arabera aldakorra dela, alegia. Horren harira, Tapiak esan zuen jotzaileak, ematen diola nortasuna instrumentuari. "Trikitixa segun eta nongoa den, ezberdina da eta aukera ematen du norberak bere esperientziak transmititzeko. Mugak trikitilariak izaten ditu eta horrek ematen dio pertsonalitatea instrumentuari".

Maixa Lizarazu trikitilariak –Maixa eta Ixiar taldeko kidea– azaldu zigunez, musikarekiko aldaketa ere igarri da trikitixan. "Gizartea aldatzen doan bezala, trikitixak ere eboluzionatu egin du. Gosek esaterako bide berriak zabaldu ditu".

Giro aparta

Tailerretan ez ezik, ondoren egin zuten kalejirara ere jendetza batu zen. Iñigo Irazabal Lizargarate trikitizale elkarteko kideak azaldu zigun tabernetan emandako kontzertuek sekulako arrakasta izan zutela. "Tapia eta Leturia ikustera asko gerturatu ziren. Giro paregabea izan zen tabernetan eta adin tarte ezberdineko jendea erakarri zuten zuzenekoek". Afarian 310 lagun elkartu ziren eta giro paregabean, erromerian dantza egitera animatu zirenak ere asko izan ziren.

Zer esanik ez domeka arratsaldean egindako trikiti jaialdiaz. Erritmo eta doinu anitzak entzuteko aukera aparta jaialdi bakar batean. Brotto eta Lacouchie Okzitaniarren doinuekin hasi eta Maixa, Ines eta Maite euskaldunen fandagoarekin amaitu zuten X. Nazioarteko Trikiti jaialdiari bukaera borobila emanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak