%2,82 igoko dira zergak eta tasak 2012. urtean

Mireia Bikuña 2011ko urriaren 28a

 Euskal Herriko abuztuko urte arteko inflazioaren pareko igoera izango dute. Bildu eta EAJk aho batez onartu zituzten ordenantza fiskalak.

Igoera hori aplikatuko zaie udal tasa eta zerga gehienei, baina badaude salbuespenak: adibidez, hiri hondasun higiezinen gaineko zergan, orain arte familia ugariek izan duten bonifikazioa emateko prozedura aldatu egin dute. 2012an familiako kideak eta etxeko diru-sarrerak hartuko dituzte kontuan. Bi faktore horiek aintzat hartuta taula bat egin dute eta zenbateko batzuk zehaztu dituzte.

Batzuek %5eko igoera
Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan bi dira igoera orokorra izango ez dutenak: alde batetik, 14 zaldi fiskaleko ibilgailuek, tartean autokarabanek, %5eko igoera izango dute; eta beste alde batetik, traktoreei tasa erdi preziora jaitsiko zaie. %5eko igoera izango dute baita ere udal jabego publikoaren erabilpenek; Udalaren jabetzakoak diren mahaiek, aulkiek eta oholtzaren alokairuek; eta igeriketa ikastaroek eta ur-ekintzek. Kiroldegiko gainerako tasek%2,82ko igoera izango dute.
Izoztutako tasak
Igoerarik izango ez duten tasak ere onartu zituzten. Izoztu egingo da establezimendu berrien irekitze-lizentziak ematearren ordaindu beharreko tasa. Merkataritza, zerbitzu eta industria eta ostalaritzari dagozkion irekitze-tasak ez dituzte igoko; ezta lur azpiko aparkalekuen tarifak ere.

Irizpide bera tasa askotan
Ordenantza fiskaletan atal baten baino gehiagotan agertzen den bonifikazioa desbabes egoeran daudenendako da: tasa orokorra txikitu egingo zaie familia unitatearen diru-sarreren eta kideen kopuruaren arabera. Irizpide hori aplikatu da, besteak beste, ludotekako, igeriketako, euskaltegiko eta kulturako ikastaroetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak