Domekan izango da saioa, 17:30ean Zuazola institutuan. Sarrerak salgai daude 10 euroren truke Umerez eta Urbia tabernetan eta baita Kultura etxean ere. Bestalde, jaialdia baino ordubete lehenago irekiko dute leihatila eta han ere egongo dira salgai.
Debagoiendarren presentzia
Biolina izango da aurtengo instrumentu gonbidatua. Hala, domekako jaialdian biolina eta trikitia uztartuko dituzte. Parte hartuko dute: Okzitaniako Cyrille Brotto eta Alexandra Lacouchie, Irlandako Stephen Doherty eta Patrick Doocey, Gaztela Leongo Jorge Arribas eta Diego Galaz, eta Euskal Herriko Arrabots taldea, Jon Ostolaza eta Juan Arriola bikotea eta Maixa, Ines eta Maite hirukotea. Ines Osinaga eta Maite Loidi izango dira, hortaz, debagoiendarren ordezkariak domekako jaialdian.
Arrasatearra zortzi urterekin hasi zen panderoa jotzen eta trikitiarekin jarraitu zuen ondoren. Naiara Okinarekin osatu zuen bikotea. Hainbat txapelketetan parte hartu zuten elkarrekin, txapel ugari lortuz. Ekon taldeko partaideak ere izan ziren eta hori amaitzean, proiektu berriekin hasi zen Osinaga. Orduan sortu zen Gose taldea. Besteak beste, lau disko dituzte kalean, Eutsi filmaren soinu banda eta aurtengo Korrikako abestia ere egin dute. Goserekin tartekatuz, Maixa eta Maiterekin erromeria batzuk egiten ditu Osinagak.
Soinu diatonikoa ezagutzea
Iñigo Irazabal Lizargarate trikitizale elkarteko kideak azaldu du jaialdiak aukera emango duela soinu diatonikoaren inguruan beste herrialde batzuetan egiten den lana ezagutzeko. "Gurean ez da oso ohikoa trikitia eta biolina uztartzea baina batzuek egiten dute. Arrabots taldeak biolina bakarrik jotzen du, baina trikiti piezak jotzen dituzte. Oso polita izango da", azaldu du.
Aste bukaera osoko jaia
Jaialdia Oñatin antolatu behar dutela aprobetxatuta aste bukaera osoko egitaraua antolatu dute trikitizaleek. Bihar goizean tailer didaktikoak eta kalejirak egongo dira; eta arratsaldean trikitia herrira zabalduko dute: "Pentsatu genuen tabernetan emanaldiak eskaintzea: Umerezen betiko trikitiaz gozatzeko aukera egongo da eta Pakon gazte jendeari zuzendutako emanaldia eskainiko dugu", dio Irazabalek. Tabernetako kontzertuek ordubete iraungo dute: 20 minutuko hiru saio.
Lan onaren emaitza jaso dute
Lizargarate trikitizale elkartea orain dela lau urte sortu zuten, "lanerako ilusioz eta gogoz" zeudela ikusita. Lizargaraten hilero erromeria egiten dute, eta Lizargarateko abuztuko jaiak ere berreskuratu dituzte. "Euskal Herriko elkartea harrituta dago Oñatin trikitiak duen indarrarekin", dio Irazabalek.