Leize: "Gure jarraitzaileen eskariari erantzun nahi diogu diskoan batutako kantuekin"

Maider Arregi 2011ko urriaren 25a

80ko hamarkadako heavy rock talde esanguratsuenak 2007an berriro taula gainera bueltatzeko erabakia hartu zuen. Orain, lan berriarekin datoz, fitxaketa eta guzti Leizeko mutilak. Bateria-jotzaile berria dute: Lagash eta Rock Privado taldeetan ezagutu genuen Andoni Regueiro oñatiarra.

Ametsa bete duzu.
Egunetik egunera bizi dut, gogoz eta ilusioz. Zerutik eroritako oparia da niretzat eta energiaz betetzen nau. Egia da Rock Privado musika talde handia alde batera utzi behar izan dudala, baina Leizeren jarraitzailea naiz eta aukera ez nuen galdu nahi. Patxi Carrascok Lazkano dendako Igor Salari komentatu zion bateria-jotzaile bila zebiltzala eta nire izena irten zen…Ondoren, telefonoak jo zuen… uf!
Nola gogoratzen duzu zure lehen zuzenekoa?
Valladoliden izan zen, oso esperientzia polita. Ondoren, Madrilera joan ginen eta handik gure birari ekin genion furgoneta hartuta. Diman izan ginen udan eta harrigarria da zenbat jendek uste duen Madrilgoak garela; Egun batean abesten dugunean  harritzen dira ikusleak.
Zer izan da Leize zuretzako?
Erreferentzia bat izan da, nirekin bat datorren bizitza estiloa. Oraindik gogoratzen dut hasierako garai haietan, Lagasheko Angel eta Julianekin Buscando kantuaren bertsioa egin genuenean.
¡Lo que faltaba!, jarraitzaileek eskatutako lana kaleratu duzue.
Disko honen filosofia jarraitzaileen eskaerei erantzutea izan da. Izan ere, ez geneuzkan abestiak eskatzen zizkiguten eta bila ibili ostean erreskatatu ditugu.
Abesti berriak ere baditu lanak.
Hasierako kontzeptuarekiko guztiz ezberdinak dira. Demasiado tiempo kantuak joan-etorria kontatzen du, hitz berak erabilita. Gritare amorrua da. Me levantare, aldiz, barruan taupadaka jarraitzen duen heavya da.
10 urte isilpean urte asko dira.
Bai. Gu izaten jarraitzen dugu. Leize izaten jarraitzen dugu eta hori da oinarrizkoena. Gure musika, erraza eta zuzena, bihotzarekin egindakoa da. Abesti on batek zuntza ukitzen du, izan 90eko hamarkada edo 2020. urtea.
Publikoak nola hartu zaituzte?
Harrituta. Izan ere, ez da ohikoena ibilbide osoan tranparik gabeko soinua erabili izana. Hori izan dugu eta daukagu. Egun, arraroa den arren, jendeak asko eskertzen duen gauza da.
Aldarrikapen mezuak zuren letretan.
Zerbait esatea da gure asmoa, eta bakoitzaren zatitxo bat uzten dugu hor: gure beldurrak, poztasunak, egonezinak… kaleko istorioak lau minutuko formatuan kantatzen ditugu.
Bira hasi duzue.
Egia esan, krisiagatik urte gogorra izan da. Hala ere, azaroaren 12an Torrelavegara joango gara eta 26an Donostian izango gara. Gainera, taldearen 30. urteurrena Oñatin ospatzea gustatuko litzaiguke eta espero dugu zuzenekoren bat laster prestatzea Oñatin edo Debagoienean, niri aparteko ilusioa egiten dit-eta.

Heavya ez da oraindik hilko

Leize taldea klasikoa da Espainiako Estatuko heavy eta rock gogor taldeak aintzat hartzen baditugu. Jende gutxik dakiena da heavyaren ikonoa izan den talde honen kokagunea beti Zestoa izan dela. Disko honetan hastapenetako, 80ko hamarkadako, hainbat grabazio berreskuratu dituzte, jarraitzaileen eskaerari erantzunez. Kantu horietan British heavy metal estiloaren pareko kantu azkarrak, heavy epikoagoak edo hasierako Barricadaren tamainako rock urbanoa aurki daiteke. Aurreiritziak apurtu dituzte, 80ko hamarkadako hitzetan kaleko bizitza gogorra eta barrikaden artean bizi behar izatea salatzeaz gain, gazteak mugiarazteko eta emakumeak sexu objeto ez izateko deia egiten dute-eta. Gainera, hiru kantu berri gehitu dituzte.

Iker Barandiaran

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak