Askotariko gaiak landu behar izan zituzten seiek ere; umorerako bidea zabaltzen zutenetatik (Lourdesera erretiratuak eroaten dituzte bi autobus gidariren azalean jarri ziren Agin Rezola eta Jexux Mari Irazu), saioari ukitu serioa eman zioten beste gai batzuetara arte (Iñaki Zelaiak langabezian bi urte daramatzan baten lekuan jarri behar izan zuen; Iñaki Gurrutxagak eta Irazuk aldiz, minbizia duten bi gaixorenean).
Azkenean, Jexux Mari Irazu izan zen, 502 punturekin, epaimahaiarentzat lanik finena egin zuena eta finalaurrekorako txartel zuzena lortu zuena. Agin Rezola izan zen bigarrena 479,5 punturekin; Beñat Lizasok 479 lortu zituen; Iban Urdangarinek 472; Iñaki Zelaiak 468,5; eta Iñaki Gurrutxagak 451.
Zuzeneko txartela lortu ez arren, baliteke zapatuko saioan puntuazio altuenetakoak lortu zuen bertsolarietakoren bat ere finalaurrekoetan ikustea. Horretarako baina, gainerako final-laurdenetako emaitzei itxaron beharko zaie.
Behin finalaurrekorako txartela poltsikoratuta, Irazu gustura zegoen bertso saioaren ostean. Pozik zegoen saioan zehar egon zen giroarekin; azpimarratu zuen baina, koplatan aritzea uste baino zailagoa dela eta horrek buruhauste bat baino gehiago ekarri ziela.
Bere esanetan, bakarkako ariketan ibili zen gusturen, bere umearen lehen hitza entzuten duen aitaren azalean jartzea egokitu zitzaionean. Aurreko edizioetan bezala,Donostiako finalean egoteko borroka egingo duela ere gaineratu zuen.