Oñatiko gazte eta kultura jarduerak aurrera ateratzeko laguntzak

Mireia Bikuña 2011ko urriaren 24a

Oñatiko gazteek, gazte taldeek edo elkarteek, eta norbanakoek euren kultura jarduerak aurrera eroateko dirulaguntzak ematen ditu Udalak, eta bigarren deialdia egin du orain. 3.607 euro banatuko ditu taldeen artean; hain zuzen ere, lehenengo deialdian banatu barik geratu zen dirua. Interesatuek azaroaren 14a baino lehen aurkeztu behar dituzte eskaerak.

Dirulaguntza jaso gura dutenek eskaera-orriarekin batera taldearen curriculuma –orain arte egindako jarduerak, helburuak eta baliabide materialak zehaztuz–, eta arduradunaren NAren fotokopia aurkeztu beharko dituzte.

Parametroak

Gaztedia batzordeak aztertuko ditu eskaera guztiak, eta aukeraketa egingo du. Parametro hauek erabiliko dituzte laguntzak banatzerako orduan: egingo duten jarduera edo egitarauan kalitatea eta ekintza kopurua; eskatzaileak urtean zehar aurrera daramatzan lanak herriko giza eta kultur mugimendua sustatzen duen eta Udalaren ekimenetan parte-hartzaile den; taldeak bere lanean erakusten duen jarraipena eta egonkortasuna; garatutako jarduerak herriko gazte guztiei zuzentzea; eta euren lanean euskararen erabilpena sustatzea.

Gaztedia batzordearen laguntza eskatu ahal dute urteko programazioren sustapenerako; kultura sormenerako eta hedapenerako laguntza moduan; materiala erosteko edo dutena eraberritzeko; edo ezohiko jardueretarako.

Baldintzak

Dirulaguntza lortzeko bete beharreko baldintzak dira: taldearen erdiak edo norbanakoa Oñatin erroldatuta egotea, eta 12 eta 30 urte artekoak izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak