Kantari ikuskizuna astelehenetik egubakoitzera 19:15 inguruan eskaintzen dugu eta saio horiek errepikatu egiten ditugu hurrengo eguneko eguerdian. Zapatuan eta domekan ere aukera eskaintzen dugu astean zehar emitutako saio guztiekin familian denok batera gozatzeko.
Oñatiko saioak
Oñatiko saioen grabazioak urriaren 15ean eta 16an egin genituen eta egun bakoitzean launa saio grabatu genituen. Guztira, beraz, Oñatiko zortzi saio ekoiztu ditugu eta bertan parte hartu dute Oñatiko 8 eta 12 urte bitarteko 150 gaztetxo inguruk.
Artista guztiek ilusioz eta gogoz zapaldu zuten Gaztelekuaren agertokia eta euren onena ematen saiatu ziren.
Beste behin argi utzi zuten Debagoienean maila handiko artistak daudela, izan ere, guztiak primeran aritu ziren aurretik entseatutako euskal kantuak abesten eta dantzatzen; oñatiarrek ere, ez ziguten hutsik egin.
Hurrengo grabazioak
Azaroaren lehenengo asteburuan Bergarako Zabalotegi aretoan izango gara Bergarako eta Antzuolako artistak ezagutzen. Bigarren asteburuan, berriz, Kantariko azken grabazioak egingo ditugu Aretxabaletako Arkupen; bertan izango ditugu Aretxabaleta eta Eskoriatzako artistak.