Isabel Moreno: "Jateko orduan gure gorputzari entzuten ikasi beharko genuke"

Mireia Bikuña 2011ko urriaren 25a

Elikadura makrobiotikoaren gaineko ikastaroa ematen dihardu Isabel Morenok (Oñati, 1967) Araotzen. 60 lagunek eman dute izena, eta, apirilera arte, "osasuntsu elikatzen ikasteko" eskolak hartuko dituzte. Harekin egin dugu berba elikadura makrobiotikoa ze den jakiteko.

Modan dago elikadura makrobiotikoa?
Modan egotea baino, gehiago ezagutzen dela esango nuke. Askoren ahotan dago, baina elikadura makrobiotikoa ez da oraingo kontua. Ni txikia nintzenean nire ahizpa zenak makrobiotikari buruzko liburuak zituen etxean. Orain 55 urte izango lituzke nire ahizpak.

Nola hasi zinen makrobiotikaren munduan?
Amsterdam eta Valentziako makrobiotika institutuetan ikasi nuen. Ingalaterra, Espainia eta Portugalgo hainbat jatetxerekin eta zentrorekin kolaboratu dut. Eskolak ematen orain dela hiru urte hasi nintzen.
Yoga eskolak ematen ditut, eta ikasleei elikadura makrobiotikoaren gaineko aholkuak ematen hasi nintzen. Haiek animatuta antolatu nuen lehen ikastaroa, eta harrituta geratu nintzen izandako erantzunarekin: 30 lagunek eman zuten izena. Orain 60 bat lagun daude, eta asko kanpoan geratu dira.

Oraingo ikastaroa apirilera artekoa da. Besteren bat egiteko asmorik daukazu?
Akaso, beste talde bat sortuko dut. Interesa dutenek 658 71 90 89 telefonora dei dezakete

Zer da elikadura makrobiotikoa?
Gure gorputzak dituen beharretara egokitutakoa jatea. Gure gorputzak aldaketa asko izaten ditu, eta unean uneko egoerara hobekien egokitzen diren elikagaiak prestatu eta jan behar ditugu. Adibidez, pertsona guztiok ez dugu estres bera izaten edo kirol jarduera bera egiten.
Urdailera daramatzagun jakien bidez nork bere barne oreka lortzea da helburua, denetarik janda; hori bai, era naturalenean eta neurrian.

Zeintzuk dira elikadura makrobiotikoaren oinarriak?
Naturarekin bat bizi izatea, urtaro bakoitzak eskaintzen dizkigun elikagaiak erabilita. Ia elikagai guztiak jan daitezke, baina produktu ahalik eta naturalenak izan behar dute. Garaian garaikoak dira egokienak. Gure gorputza entzuten ikasi beharko genuke, eta baita jakiek guregan sorrarazten dituzten ondorioak zeintzuk diren ere.

Aldaketa asko egin behar ditugu makrobiotikoarekin hasten garenean?
Ez. Hasteko, zereal integralak erabiltzen hasiko gara (arroza, pasta...), eta barazki ekologikoak ere bai. Animalia-proteinak gutxitu egingo ditugu gure dietatik. Gorputzak behar duen proteina kopurua lekaleekin lortuko dugu: dilistak, babak, garbantzuak... Adibidez, jaki batzuek erlaxatu egiten dute. Urduri gaudenean txokolatea jateko ohitura daukagu. Erlaxatu egiten du, baina ez da oso sanoa. Elikadura makrobiotikoan, erlaxatzeko, kalabaza-postrea jan dezakegu.

Animalia-proteinak ezin daitezke jan?
Ahalik eta gutxien jaten dugu. Animalia-proteinen artean ez dago okela gorria bakarrik. Esnea, arrautzak, esnekiak, hestebeteak, arraina... Horiek guztiak dira animalia-proteinak.
Egun, halako proteina gehiegi jaten da. Horien ordez landare-proteinak erabiltzen ditugu makrobiotikan. Arraina noizean behin jaten dugu. Bestalde, azukrerik ez dugu erabiltzen eta horien ordez gozagarri naturalak erabiltzen ditugu.

Elikadura makrobiotikoaren nutrizio-piramidea nolakoa da?
Osasun etxeetan daudenen oso antzekoa. Zereal eta barazkietan oinarritzen da, eta, gure kasuan, horiek guztiak integralak, biologikoak eta bertakoak dira.

Nola prestatzen dituzue janariak?
Denbora gehiago egoten gara janaria prestatzen, eta urtaroaren arabera kozinatzeko era ezberdinak erabiltzen ditugu. Egia da, ez direla modurik ohikoenak. Adibidez, etxe gutxitan egiten dute janaria baporean. Aurrez prestatutako jakiak eta jaki izoztuak baztertu, eta egunean eguneko janaria egiten dugu.

Ez duzue esnerik hartzen?
Ez, eta hori da kezka handiena sorrarazten diena elikadura makrobiotikoarekin hasten direnei. Esnea eta esnekiak ez ditugu hartzen. Horien ordez, kaltzio kantitate handia duten produktuak hartzen ditugu: algak, sesamoa, aza eta almendrak, besteak beste..

Pisua galtzen da?
Bai, batez ere animalia-proteinak  eta azukreak baztertzen direlako dietatik.

Ikastaroetan parte hartzen dutenek janaria prestatzen ikasten dute?
Bai. Teoria lantzen dugu eta ondoren 12 bat plater kozinatzen ditugu saio bakoitzean. Bukaeran, prestatutakoa jan eta zalantzak argitzen ditugu.
Parte-hartzaile asko harrituta geratzen da sukaldaritza makrobiotikoa oso zaporetsua dela ikusita. Postre gozoak egin daitezke.

Nortzuk parte hartzen dute ikastaroetan?
Gehienak dira elikadura makrobiotikoaren gainean entzun eta  jakin-mina dutenak, elikaduraren bidez osasuna zaindu eta hobetu gura dutenak, jaten dugunarekin kezkatuta daudenak eta osasuntsu jaten ikasi gura dutenak. Azkenaldian mediku eta erizain askok parte hartu dute ikastaroan. Batzuek gaixotasunarekin  lotzen dute elikadura makrobiotikoa, baina ez da horrela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak