Partidurik luzeena eta denboraldiko lehen garaipena Aloñarendako

Edu Mendibil 2011ko urriaren 24a

Jabi Azpiazu Aloñako presidenteak harrituta erakusten zigun bere erloju digitala: 51 minutu. 54:28 adierazten zuenean adierazi zuen epaileak partiduaren amaiera. Ordoñez epaileak sutan jarri zituen atzo arratsaldean Azkoagainera joandako zaleak, bestetan baino gutxiago portzierto.

Realaren partiduak izango zuen agian zerikusia. Edo zubiak. Edo futbolerako baino, paseatzeko egiten zuen eguraldi ederrak. Kontuak kontu, gutxitan izango zen halako partidu luzerik Azkoagainen: ia 100 minutu. Zaleak pozik joan ziren, baina asko sufrituta eta epaileari denetik esan ostean.

Arbitroari atzoko soldata ez pagatzeko eskatzen zioten zaleek Jabi Azpiazuri. Sufritzearren ordaindu egin behar gainera. Etxeko jokalariei sei txartel hori atera zien eta Olaldek zelaia utzi behar izan zuen 94. minutuan bigarren txartela ikusita.

Urrezko hiru puntu

Hori bai, urrezko hiru puntu lortu zuen Andoni Azkargortaren taldeak Real Union indartsuaren kontra. Aurrean aurkari zaila zuten, Realeko atezain izandako Alberto Lopezek zuzentzen duen taldea, sailkapenean hirugarren tokian dagoena.

Lehen zatiko 7. minutuan etorri zen lehen gola, Idigorasek poste ondotik baloia sarera bidali eta gero. Handik gutxira banakoa etorri zen eta 28. minutuan Asier Ugartek sekulako gola egin zuen urrinetik. Aloñak merezita irabazi zuen. Real Union batez ere azken minutuetan estutu zuen, epailearen laguntzaz. Aloñak sendo eutsi zion lehen garaipenari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak