Oñatin zuen atzo geltokia G-Puntuak, eta herriko bertako zein kanpotik etorritako bertsozale ugarik egin zuten bidaia agertoki gainean lehian ibili diren sei bertsolariekin batera.
Askotariko gaiak landu behar izan zituzten seiek ere, umorerako bidea zabaltzen zutenetatik (Lourdesera erretiratuak eroaten dituzte bi autobus gidariren azalean jarri dira Agin Rezola eta Jexux Mari Irazu), saioari ukitu serio eman zioten beste gai batzuetara arte (Iñaki Zelaiak langabezian bi urte daramatzan baten azalean sartu behar izan zuen).
Azkenean Jexux Mari Irazu izan zen, 502 punturekin, epaimahaiarentzat lanik finena egin zuena eta finalaurrekorako txartel zuzena lortu zuena. Agin Rezola izan zen bigarrena 479,5 punturekin; Beñat Lizasok 479 puntu lortu zituen; Iban Urdangarinek 472; Iñaki Zelaiak 468,5; eta Iñaki Gurrutxagak 451. Zuzeneko txartela lortu ez arren, baliteke atzokoan puntuazio altuenetakoak lortu dituztenekoren bat ere finalaurrekoetan ikustea. Horretarako baina, gainerako final-laurdenetako emaitzei itxaron beharko zaie.