Liga hasi aurretik Sustrai Aloñakoek ez dute amore emango, ezta gutxiago ere. Baina oso garbi daukate ez direla errepikatuko azken urteotako bolada ikusgarriak: "Esango nuke etxean irabaztea zaila izango dela, eta etxetik kanpora ia ezinezkoa".
Adierazpen gogorra dirudien arren, taldeak datozen hilabeteotan biziko duen errealitatea erakusten du ondo: "Partiduetan gure aukerak izateko 40 minutuz erabat kontzentratuta egon beharko dugu. Eraso bakoitza ondo aukeratzen badugu, jokaldiak ondo lantzen baditugu eta diodan moduan, 40 minutu %100era egiten baditugu izango ditugu gure aukerak. Garbi dagoena da, aurten ez digutela akatsik txikiena ere barkatuko".
Zaleen laguntza
Hala, etxeko partiduek izango duten garrantziaz jabetuta, aurten inoiz baino gehiago, zaleen babesa ezinbestekoa izango da: "Seigarren edo zazpigaren jokalaria dela esango nuke, batez ere taldea kantxan momentu txarrak pasatzen ari denean izugarri laguntzen dutelako. Guk nahi duguna da partiduetan Zubikoako harmailak jendez betetzea, eta seguru nago EBA osoan kosta egingo dela hemengo giroa topatzea. Taldeak iaz izan zuen jarraipena izatea nahi dugu".