Oñatiarrek aurrekontuak eztabaidatzeko aukera izango dute 'Herrijorran' ekimenaren bitartez

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko urriaren 19a

2012ko aurrekontuak lantzeko 'Herrijorran aurrekontuak' ekimena martxan jarri du Udalbatzak. Asmoa da herrian hartuko diren erabakiak ahalik eta parte hartzaileenak izatea. Egubakoitzean hasiko dira tailerrak, batzorde bakoitzak tailer bat izango du.

Batzar edo tailerren egutegia:

  • Kultura Urriak 21, 18:00etan, Kultur etxean
  • Parte-hartzea Urriak 21, 18:00etan, udaletxean
  • Hirigintza eta zerbitzuak Urriak 24, 19:00etan, udaletxean
  • Euskara, hezkuntza eta haurrak Urriak 24, 19:00etan, euskaltegian
  • Gaztedia Urriak 25, 17:00etan, gaztelekuan
  • Kirola Urriak 26, 19:00etan, udaletxean
  • Sozioekonomia Urriak 28, 19:00etan, udaletxean
  • Berdintasuna Azaroak 2 19:00etan, udaletxean
  • Ongizatea Azaroak 2, 19:00etan, Kultur etxean
  • Auzoak eta landa garapena Azaroak 3, 19:00etan, udaletxean
  • Ingurumena Azaroak 4, 18:00etan, udaletxean

Kantitate jakin bat eztabaidatuko da

"Badakigu ze gastu eta ze diru sarrera diren oinarrizkoak eta hortik aparta badaude beste partida batzuk eztabaida daitezkeenak: izan daitezke inbertsioetako partidak, diru-laguntza partidak eta gastu partida batzuen inguruan ere eztabaidatu daiteke", azaldu du Mikel Biain alkateak prentsaurrekoan.

Udalbatzak aurre lan bat egin du teknikariekin; hala, gastu eta sarrera arrunten gainean, adibidez, ez dute eztabaidatuko tailer horietan. "Eztabaidara diru kantitate jakin bat aterako dugu", gaineratu du Josu Lizarralde partaidetza, barne antolamendu eta komunikazio batzordeko buruak. Garrantziaren eta urgentziaren arabera hartuko dira erabakiak. Horregatik nabarmendu dute tailer hauen garrantzia: orain hartzen diren erabakiek legealdi guztirako perspektiba markatuko dute.

Aurrekontuak onartzeko epea

Azaroaren 7an tailer horietan jasotako zirriborroa bidaliko zaie parte hartu duten herritarrei eta baita EAJko zinegotziei ere. Azaroaren 18ra arte zirriborro horri zuzenketak egiteko aukera egongo da eta Udalbatzaren asmoa da behin hori eginda azaroaren 24an aurrekontuak onartzea.

Sare sozialak eta helbide elektronikoa

Udalbatzak, gainera, beste bide batzuk ere zabaldu ditu herritarren parte-hartzea sustatzeko. Atari bat zabaldu dute –oraindik egutegia bakarrik dago ikusgai– www.herrijorran.info eta helbide elektronikoa ere jarri dute: aurrekontuak@herrijorran.info.

Bestalde, Facebook sare sozialean eta Twitter-en perfila zabaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak