Herri Egunak eta Errosaixo Bixamonak duten berezko xarmak jende asko erakarri zuen, eta egunik "jendetsuenak" izan ziren, beste behin. Ekitaldiak kontutan hartuta, Errosaixo Eguneko piroteknia saioa izan zen herritar gehien erakarri zituena. "Herriko plaza lepo bete zen. 7-8 minutuko ikuskizuna izan zen. Musika ezagunarekin. Hainbat herritarrek esan digute ikuskizun polita izan zela", dio Egañak.
Zapi guztiak salduta
Jaietako errepaso orokorra egiterako orduan bost puntu aipatu dizkigu kultura zinegotziak: Atzeko kalean jarritako eszenatokia; txosna batzordekoekin egindako koordinazio lana; txakur lehiaketan parte hartu zuten txakurren eta artzainen aurkezpena plazan; jaietako zapien salmenta; eta txantxi familiaren eguna. "Familia asko batu ziren plazan antolatu genuen ludoteka erraldoian. Zezenen eta ponien ordezko ekitaldiak erantzun ona izan zuen San Migel bixamon egunean", dio.
Jaietako zapi gorriek ere erantzun ikaragarria izan dute. 3.000 egin zituzten, eta guztiak saldu San Migel bixamon egunerako.
Jaietako beste berrikuntzetako bat Atzeko kaleko gunea izan zen. Musika alternatiboarendako lekua izan zen, eta ekitaldiak egon ziren bakoitzean lepo bete zen. "Atzeko kalea oinezkoendako da orain, eta gune intimoagoa sortzen da. Han egondako ikuskizunak oso onak izan dira".
Proposamenak
Segurtasunari dagokionean arazorik ez dela egon esan digu kultura zinegotziak. Alde horretatik ez dutela herritarren kexarik jaso. Bai ordea, kaletan egon diren salmenta postu "ugariengatik". "Postu asko egon dira, eta askotan, kalean, ezin ibili egon gara.", esan digu.
Aurtengo jaiei errepaso eginda, hurrengo urtekoetan pentsatzen hasi dira. Parte-hartzearekin jarraituz, jaietako batzordea osatu eta udaberrian hasiko dira lanean. "Herritarrek zerbait faltan sumatu badute, euren proposamenak egin ditzatela. Gustura hartuko ditugu", dio Egañak.