Ciudad Juarez entzuten dugunean, emakumeak eta heriotza datozkigu burura.
1993an hasi ziren emakumeak sistematikoki erailtzen. Ciudad Juarez Mexikoko iparraldean dagoen hiriburua da, Chihuahuako estatuan. AEB-ekin mugan dagoen hiriburua da, eta enpresa handi asko ditu. Autoak eta telebistak muntatu, eta bakeroak egiten dituzte. Ondoren, kostu baxuan saltzen dituzte. Mexiko barnealdeko lagun asko joaten da Ciudad Juarezera lanera. Euren helburua da, ilegalki, AEB-etara sartzea.
Ze egoera bizi dute han?
Ciudad Juarez bataila-eremu arriskutsua da. Biolentzia nagusi da han, eta normalean emakumeak dira egoera eskasenean bizi direnak. Hori horrela, emakumeak bortxatzea eta hiltzea oso erraza da delitu horiek egin gura dituenarendako.
Dena den, Ciudad Juarezen milioi eta erdi lagun bizi dira, eta badaude pertsona onak. Tesia egiteko 2008an eta 2009an han egon nintzen bizi izaten, eta bizilagunekin hartu-eman zuzena izan nuen. Beldurtuta bizi dira, eta kalera irteteko aukera gutxi dituzte. Iluntzen duenerako hiriburua hilda geratzen da.
Emakumeak bakarrik erailtzen dituzte?
Emakumeen kontrako biolentzia nagusi da Mexiko osoan, beste hainbat herrialdetan gertatzen den moduan. Baina, Ciudad Juarezeko kasua oso berezia da: emakumeen kontrako sexu-biolentzia eta sexu-erailketen kasuak asko dira. Mexikon ematen diren kasuen portzentaje handiena, han ematen da.
Zeintzuk dira sexu-erailketak?
Emakumea bortxatu, mutilatu edo ito ondoren gertatzen diren hilketak dira. 1993tik halako 350 kasu egon dira.
Zein da erailtzen dituzten emakumeen profila?
Emakume gazteak, etorkinak eta behartsuak dira. Alegia, Ciudad Juarezera lanean doazen emakumeak dira arrisku handiena dutenak.
Han bizi dira familia oneko emakumeak, eta tarteka egoten da hilketarik. Baina biktima gehienak aurretik aipatu dudan profilekoak dira.
Eta zein da delitua egiten duten pertsonaren profila?
Hipotesi asko daude. Profil zehatz bat egitea oso zaila da. Hasieran esan zuten AEB-etatik etorritako serieko hiltzaileak zirela. Narkotrafikoan sartutako pertsonak zirela ere esan zuten. Emakumeekin orgiatan parte hartu ondoren, bortxatu eta hil egiten zituztenak zirela ere bai. Giza gorputzeko organoen salerosketan ibiltzen ziren gizonezkoak zirela ere aipatu zuten, eta baita, esnob pelikuletarako irudiak behar zituzten pertsonak zirela.
Zer egin du hango gobernuak erailketak gutxitzeko?
Gauza gutxi. Orain sistema penala aldatu egin dute. Lege berriak sartuko dituzte. Baina ez dut uste aldaketarik ekarriko duenik. Azken finean legeak aldatu arren, legea aplikatzen duten pertsonak aurreko sistemarekin lan egiten zuten berberak dira: ikuspuntu, aurreiritzi eta jarrera berberak dituzte. Tesian azaldu gura izan dudan kontuetako bat horixe izan da: sistema penala aldatu arren, legea aplikatzen dutenak aldatzen ez badira, ez duela ezertarako balio aldaketak.
Sexu-erailketak egiten dituztenak atxilotu eta kartzelan sartzen dituzte?
Hilketen ikerketetan sekretismo handia dago. Kasu bateko espedientea lortzea ia ezinezkoa da. Hori horrela, epaitu diren kasuak ondo epaitu diren jakitea zaila da. Hilketa egitea leporatutako gizonezko asko daude kartzelan, baina zalantza daukat eurek izan ote ziren benetako hiltzaileak. Batzuk esan dute poliziak torturatu egin zituztela, euren burua erruduntzat hartzeko.
Kasu zehatz bat kontatuko dizuet. Neira izeneko neska bat desagertu zen Ciudad Juarezen. Oaxacan bizi zen familiari abisua eman, eta haren lehengusu bat hasi zen neska topatzeko lanetan parte hartzen. Egun batzuk pasa zirenean, gorputza aurkitu zuten, eta lehengusua poliziarengana joan zen hiltzailea topatzeko exijitzeko. Hurrengo egunean bera atxilotu zuten lehengusinaren hiltzailea zela leporatuta. Egun kartzelan jarraitzen du. Familiakoak, nazioarteko mailako hainbat erakundek, tartean AI-k, mutila kartzelatik irteteko ahaleginak egin dituzte, baina oraingoz ez dute ezer lortu. Espetxean segitzen du. Horrek erakusten du Ciudad Juarezen hilketa bat egin gura duen pertsonak, oztopo barik egin dezakeela. Gehienetan zigorrik gabe geratzen delako.
Zein da egungo egoera? Hilketa kasuak gehitu egin dira?
1995etik 2001era erailketa kopurua handitu egin zen, hiriburuaren leku zehatz batzuetan hainbat gorputz aurkitu zituztelako batera. 2001etik behera egin dutela dirudi. Dena den, zifra zehatzak ematea ezinezkoa da.
Nazioarteko erakundeek egin dute lanik Ciudad Juarezeko egoerari buelta emateko?
Gobernua presionatu egiten dute. Horren ondorioz, sistema penala aldatu egin dute, eta emakumeen arazoa konpontzeko lanean diharduten erakundeendako dirulaguntzak eman dituzte. Baina mugak ditu: hango subiranotasuna dela-eta, arazoa konpontzeko aholkuak entzuten dituzte agintariek, baina ez dituzte aintzat hartzen.