Saski berriak eta aldageletatik irteteko tunela EBA ligarako

Mireia Bikuña 2011ko urriaren 17a

Domekan, hilaren 23an hasiko dute liga txapelketa oñatiarrek. Sustrai Aloñak kantxa berdean jokatuko ditu partiduak, eta EBAko arduradunek hainbat baldintza ipintzen dituzte partiduak jokatu beharreko lekuetan: jokalariak aldageletatik irteteko tunela eta saski berriak ipini dituzte. Markagailua orain arteko bera da, baina tripak aldatu dizkiote.

Duda barik, ikusleek azkarren antzemango duten berrikuntza da bi taldeetako jokalariak eta epaileak aldageletatik kantxara irteteko izango duten tunela da. "Toldo urdina da, bost metro ingurukoa. Erruberak ditu, eta jokalariak eta epaileak ikusleengandik babesteko neurri gisa erabiliko dugu, EBAk horrela eskatuta", esan digu Oskar Carrascal kirol teknikariak. Tunela Arrasateko Ointxe elkarteak utzi dio Aloñari, eurek EBA ligan jokatu zuten garaikoa. "Eskerrak eman beharrean gaude. Musu-truk eman digute tunela, eta asko eskertzen dugu", esan digu saskibaloi saileko Gorka Judezek.

Taula igo egin dute 3,05era

Kantxan egindako beste berrikuntza ez da horren begi bistakoa. Saskiak aldatu egin dituzte. "Taula eta uztai berriak erosi ditugu, eta orain arteko egituran egokitu ditugu. EBAk eskatutako neurrira igo dugu: 3,05 metrora. Orain arte 3,01-3,02 metro inguruan egon da", esan digute.


Gainera, taularen beheko ertzetan babesak ipini dituzte buruarekin edo besoekin jo ezkero, minik ez hartzeko.
Hirugarren aldaketa markagailuari dagokiona da. Berez, orain arte markagailua erabiliko dute, baina tripak konpondu dizkiote.

Bazkide kanpaina

Sustrai Aloñak etxean jokatzen duen partiduetan harmailak beteta ikusi gura ditu, eta zaleengana heltzeko bazkide kanpaina aurkeztu zuen egubakoitzean.

Adinaren arabera hiru bazkide txartel dituzte: 14 urte artekoenak bost euro balio du; 14-18 urte artekoak 15 euro; eta helduenak 30 euro. Prezio horren barruan etxeko 12 partiduak sartzen dira. Bazkide egiten direnek hainbat onura izango dituzte, tartean, Lagun Aroren eta Baskoniaren partiduetara joateko sarrerak eskuratzeko aukera.
Bazkide txartela egiten ez dutenek partidurako sarrera ordaindu beharko dute: bi euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak