Sierra Maestra elkarteko kideek euren kulturan oinarritutako jaia egin zuten, baina herri guztiari zabaldutako ekintzak antolatuz. Elkarteko lehendakariak, Ibis Rodriguezek, jaia Oñatiko herriak Sierra Maestra ezagutzeko eta kultura latindarra ezagutarazteko helburuarekin antolatu zutela adierazi zuen.
Umeentzako jolasekin hasi zuten jai latindarra. Etxeko txikienek marrazkiak egin zituzten eta, ondoren, pailazo batek ume eta gurasoentzako ikuskizuna eskaini zuen.
Umeen jolasen ostean Latinoamerikako dantzen txanda iritsi zen. Hori bai, aurretik herriko bi dantzarik aurreskua dantzatu zuten eta, gero, Ekuador, Dominikar Errepublikako eta Kubako dantza tradizionalak erakutsi zituzten.
Dantza egin ostean, antolatzaileek eta jaira gonbidatutakoek, Pago Uso elkartean bazkaria egin zuten. Bazkarian, Kubako, Ekuadorreko, Dominikar Errepublikako edo Venezuelako jendea bildu zen eta Kubako erakundeen ordezkaritza izan zuten; izan ere, Kubak Madrilen duen kontsulatua ere izan zen.
Bazkal ostean, umeentzako Amerikako joko tradizionalak egin zituzten, eta nagusientzat, berriz, gastronomia erakustaldia eta bertako produktuen zozketa.
Gauean, berriz, Iturri tabernan jai latindarra egin zuten, bertako musika eta mojitoekin.