Kepa Zelaia: "Ez zait gustatzen gauza bati denbora luzea eskaintzea; mugatu egiten du"

Txomin Madina Milikua 2011ko urriaren 16a

Aurten 18 urte  bete dituen gazte oñatiar hau ez duzue sare sozialetan aurkituko, baina bai beste hainbat tokitan. Bere burua musikaritzat ez duen arren, behin baino gehiagotan ikusi dugu agertokian. Baita eskubaloiko kantxan ere; edo Oñatzekin dantzan.

Gogoratzen duzu noiz hartu zenuen lehen aldiz gitarra bat eskuetan?
Duela urte eta erdi inguru izango zen. Gogoa sartu zitzaidan, lagun bati eskatu nion eta neure kabuz hasi nintzen. Gero, musika eskolan eman dut urtebete. Ez naiz geldi egoten, denetik probatzea gustatzen zait. Gauza bat bakarrik egiteak mugatu egiten duela uste dut.

Eta hortik, gaur egun hainbat kontzertu ematera. Beti gustatu izan zaizu jendaurrean aritzea?
Ez bereziki; Guria taberna ixtera zihoazela-eta, agur esateko ekitaldietan parte hartzeko ideia sortu zen eta hantxe jo genuen lehen aldiz Ander Etxanizek eta biok. Jendaurrean aritzea ez zait gustatzen, baina lotsa handirik ez dut. Beti diot nik aurpegia jartzen dudala eta Anderrek musika.

Han izan zirenek gogoratuko dute Guria tabernaren azken egunean emandako kontzertua. Ruper Ordorikaren laguntza ere izan zenuten.
Azken egunean kanpoan jo genuen; emanaldi akustikoa izan zen; eta bai, Ruperrek ere lagundu zigun. Hor ikusten da, Ruperren beraren kasuan moduan, pertsona batzuk musikariak direla, baina lehenengo pertsonak, eta berdin zaiela Ander eta biok bezalako bi hasiberrirekin jotzea.

Zer sentitzen duzu kontzertu bat eskaintzean?
Esan behar dut nik neuk ez dudala neure burua musikaritzat ikusten, gitarrarekin pare bat kantu jotzen dakien zelebre bat baizik. Jendea kontzertu baten inplikatzen bada, polita da; izan ere, jendea gustura ikusteak poztasuna ematen du.

Mutil gazteak izan arren, askotan ikusi zaituztegu klasikoak bertsionatzen: Bob Dylan, Ruper Ordorika, Hertzainak...
Gustatzen zaigun musika da; nik neuk denetarik entzuten dut. Baina aldarrikapen bat ere bada; Guriako kontzertuan, esaterako, Victor Jara ere bertsionatu genuen eta gazte askok, akaso, zein den ere ez dute jakingo. Gure aldarrikapena da, nolabait esateko, musika hori egon ere badagoela. Garai bateko musika izan arren, musika ona eta aberasgarria dela uste dut; asko irakasten duena.

Eskubaloian ere ibiltzen zara. Gitarra jotzen baduzu, ez da arriskutsu samarra?
Egia da gitarra jotzeko azazkalak luze uzten ditudanean, eskubaloian apurtu egiten direla...

Nolatan eskubaloia? Duzun altuerarekin saskibaloirako egokiagoa zarela esango dute askok.
Txikitatik ibili izan naiz, lehenengo Oñatin, gero Arraten eta orain berriz Oñatin. Orain lasaiago hartzen dut. Entretenitzeko modu bat da, kirola egiteko, lagunekin egoteko. Dena den, ez nintzateke hortik bizi izango. Eta bai, askotan entzun dut nire alturagatik saskibaloirako egokia izango nintzatekeela.

Eta Euskal Selekzioarekin ere jokatu duzu. Zelako esperientzia?
Bizpahiru urtez jokatu nuen eta gustura ibili nintzen. Esperientzia polita da; lan handia egiten da, gustuko kirola, jende hobearekin. Baina bere momentuan erre egin nintzen, zelanbait; ez zait gustatzen denbora luzea eskaintzea gauza bati, mugatu egiten duela uste dut. Denetik probatzea gustatzen zait; esaten dute: "Ofizio askoko pertsona, pobrea seguru". Ekonomikoki bai, baina esperientzia aldetik aberatsa izanez gero...

Horren adibide da dantzan ere ibiltzen zarela.
Bai; txikitan sartu nintzen, eta hor nabil oraindik ere.

Aurten hasi dituzu unibertsitate ikasketak: Kazetaritza, hain zuzen ere.  Zergatik?
Bada, hasieran, Euskal Filologia egitea zen asmoa, baina aldatu egin nuen. Beti gustatu izan zait zer gertatzen den jakitea; jendeak askotan paso egiten du, eta niri gustatuko litzaidake jendeari interesa piztea. Gauzak ez dira halabeharrez gertatzen eta hori jakin eta jendeari ezagutaraztea, hori gura dut nik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak