Bai hauteskunde kanpainan, bai alkatetza eskuratu eta gero, Bilduk behin eta berriz adierazi du demokrazia parte-hartzailea sustatzea dela bere helburu nagusietako bat, eta udal aurrekontua osatzeko prozesuarekin emango dio hasiera bide horri. Udal aurrekontu parte-hartzaileak izatea nahi dute, herritarren iritzi eta proposamenak jaso eta euren herri-programarekin kontrastatu, denen artean lehentasunak finkatu eta dirua nola eta zertan gastatu erabakitzeko. Horretarako antolatu dituzte batzar edo eztabaida-guneak sektoreka; gobernu taldeak aurrelan bat egina izango du horietarako.
'Herrijorran'
Herrijorran marka sortu du udal gobernu taldeak sail ezberdinetan egingo diren prozesu parte-hartzaileak identifikatzeko eta horietan parte hartzeko deia luzatu dute Udaleko Partaidetza eta Komunikazio batzordetik.
Urtea amaitu aurretik –ahal bada, azaroko osoko bilkuran– onartu gura du Bilduk 2012ko udal aurrekontua.