Bi akatsek zigortu zuten Aloña, aurkari on baten aurka

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urriaren 10a

Aloña burua ezin altxatu dabil. Partidu ona egin zuten atzokoan Andoni Azkargortaren mutilek, zelaian ondo jarrita eta baloi oro borrokatzeko asmoz. Baina Anaitasunak hasieratik erakutsi zuen zergatik dagoen sailkapeneko goiko postuetan: atzean sendoak dira eta aurrean azkarrak bezain eraginkorrak. Talde ona dute.

Bi akats eta dena pikutara

Oso parekatua hasi zen lehia. Minutuak aurrera joan ahala, nagusitzen joan ziren kanpokoak eta eurenak izan ziren aukera gehienak; 35. minutuan, esaterako, zutoinak ekidin zuen lehen gola. Atsedenaldiaren ostean, baina, Azkargortaren taldea ez zen horren konzentratuta irten eta lehen jokaldian jaso zuten gola.

Akatsa atzealdean

Atzealdeko akats baten ondorioz zelaira sartu berria zen aurrelaria bakarrik geratu eta ez zuen Mikel Aginagalderen aurrean barkatu. Bigarrena 10. minutuan heldu zen, beste akats baten eta zorte txarreko aldaratze baten ondorioz. Azkargorta pozik zegoen taldearekin baina egindako lan guztia bi akatsengatik ezerezean geratu izanak zapore gazia utzi zion lehiaren amaieran.

Jokoak eten asko izan zituen eta goiko baloiek –eta horien osteko bigarren baloiek– berebiziko garrantzia  izan zuten. Bestalde, baloi geldien bidez heldu ziren aukera gehienak. Merezimendu osoz gailendu zen Anaitasuna baina ez da berdina itxura ona emanda galtzea, eta atzoko partidua da horren adibide.

Epaileak ez zuen bere eguna izan; ulertezinak izan ziren zenbait erabaki hartu zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak