Miko-poteoa eta Iturrigorrira ibilaldia Arantzazun asteburuan

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko urriaren 7a

Perretxikoz egindako pintxoa eta edaria 1,5 euro balioko dute. Perretxikoen gaineko hitzaldia eta afaria ere egongo dira. Arantzazun izango da, zapatuan. Beste ekimen aitzindari bat, hortaz, Debagoienean. Eta, domekan, ostera, mendi ibilaldia, Iturrigorrira. Arantzazuko Adiskideak Elkarteak antolatu ditu ekimen guztiak, Naturgintza Fundazioaren kolaborazioarekin.

Arantzazuko Adiskideak elkarteak Naturgintza Fundazioaren kolaborazioarekin, miko-poteoa antolatu du Arantzazun zapaturako. Ekitaldi hori Arantzazuko Adiskideak urtean zehar antolatzen dituen mendi irteerekin lotuta dago eta domekan, hain justu, Iturrigorri basoa ezagutzeko mendi ibilaldia antolatu da.

Asteburu honetako mendi irteerak baina, badu berezitasuna; bezperan, zapatuan, ere ekintzak egongo direla eta ekintza horien artean miko-poteoa egingo dute.

Pintxoa + edaria = 1,5 euro

Pintxo-poteoa da oinarrian, baina emango diren pintxoak onddoz, perretxikoz eta txanpinoiez egindakoak izango dira. 20:00etan hasiko da Gandiaga Topagunean eta 1,5 eurotan hartu ahal izango dira pintxoa eta edaria, Arantzazuko zirkuitoan.

Hitzaldia eta afaria

Miko-poteoaren aurretik, 18.30ean, mikologiaren gaineko hitzaldia egingo du Gandiaga Topagunean Carlos Redondok. 21.30ean, berriz, afaria egongo da Arantzazu Santutegiko Hotelean. Afarira joan nahi duten onddo-zale guztiek Arantzazu Santutegiko Hotelean egin behar dute erreserba, 943 78 13 13 zenbakian.

Domekan, Iturrigorrira

2011rako antolatu duen egitasmoa amaituko da domekako ibilaldiarekin. Aurtengo ibilaldiak honakoak izan dira: apirilaren 10ean, Larrez larre; maiatzaren 15ean, Orkatzategiko ibilaldia; ekainaren 12an, Biozkorniako ibilaldia; uztailaren 16an, Aloña eta Belar; irailaren 11n, Pin-Pil; eta urriaren 9an, Iturrigorri.

Hoteletik abiatuta

Seigarren mendi-irteera Arantzazuko Santutegia Hoteletik abiatuko da goizeko 9etan. Aukeratu den ibilbideak Iturrigorriko basoa zeharkatuko du. Txangoak 5 ordu iraungo du, 560 metroko desnibela dauka 14 kilometroko ibilbidea egiteko, eta zailtasun ertaina duen ibilbidea da. Jardunaldi berezia izango da, izan ere, beste urrats bat eman nahi delako ibilaldia bakoitzarekin lotutako edukiei eta jarduerei dagokienez.

Ibilaldiaren gai nagusiak urte-sasoi honetan hain berezkoak diren perretxikoen eta onddoen munduarekin lotura estua dauka. Geure basoen orbelen artean, pagoen eta beste zuhaitz batzuen oinetan sortzen diren fruituak dira. Perretxikoekiko zaletasuna gora doa urtez urte. Horrek eta egiten diren gehiegikeriek bilketa-arautze nehitaezkoa ekarri dute. Bestetik, zaletuak ezagutza minimoak izan behar ditu perretxiko mota ugari dagoelako, eta batzuk oso toxikoak.

Mendi-irteera honek nabarmentzekoak diren honako mugarriak ditu:

  • Arantzazu. Goizeko 9etan taldea Arantzazuko Santutegia Hoteleko atarian bilduko da. Ongi-etorriaren eta ibilbidearen aurkezpena egin ondoren, bideari ekingo zaio Urbiako igoeraren bide klasikoari jarraituz.
  • Erroitegi. Ibilaldia hasi eta bi kilometrora gutxi gora-behera Erroitegiko iturriak Arantzazuko Ama Birjina Rodrigo de Balzategi artzainari agertu zitzaion lekua erakutsiko digu. Leku honetan bertan, Urbiako ohiko bidea utziko dugu eskubi aldera saihesbidea hartuz. Piskanaka Iturrigorriko basoan barneratuko gara. Baso honek 500dik gora hektarea ditu eta bertan pagoa da nagusi. Garai bateko gurdizain eta merkatari gipuzkoarrek eta arabarrek mendilerroa zeharkatzeko erabiltzen zuten bidea da. Ahalegin berezirik egin gabe altuera hartzen joango gara. Arantzazuko errekatik gora datorren bidezidorra zeharkatuko dugu Elorrolako lepora iritsi arte eta hegoekialdetik jarraituko dugu Urbiako larreetako muga aldera, Tontor ingurura.
  • Artzandegi. Metro batzuk aurrerago Urbiako larre zabalak desagertu egingo dira, eta basoa nagusitu egingo da mikologiarekin lotutako udazkeneko ibilbide honetan. 100 metro gora egin ondoren, Artzandegiko saroiaren erdira iritsiko gara. Larrearen eta basoaren mugan kokatutako toki honetan atseden hartuko dugu.
  • Burdinkutz. Basoaren bihotzerako jaitsiera Burdinkutz bezala ezagutzen den mendien bidegurutzean hasten da. Gurutze itxura duen harri-mugarria lau bideen bidegurutzea da: Gatzaga, Malkorra, Urbia eta San Adrian. Hemen 500 metroko malda duen beherako bidea hartuko dugu. Ibilbide guztian pagoen basoaren paisaiaz gozatu ahal izango dugu eta hezetasun- eta tenperatura-baldintzak egokiak baldin badira mikologia-zaletuek horrenbeste preziatzen dituzten basoko fruituak aurkituko ditugu.
  • Iturrigorri. Maldaren bukaeran pago motzek sortzen duten biodibertsitateari dagokionez ikerketarentzat eremu erreserbatua gurutzatuko dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa lan horri ekin dio jada eta lehen pago motzen egoera behatu ahal izango dugu. Pago horietatik geure arbasoen ikatz-jarduerarekin lotura duten habitat hauetako informazio tekniko-zientifikoa jasoko da.
  • Arantzazu. Arantzazu erreka gurutzatu ondoren, presaren inguruan, Iturrigorriko bidezidorra zeharkatuko dugu. Bide horretatik, garai batean apaizgai frantziskotarrek erabilitako futbol-zelaiak zeharkatuz, 30 minututan Santutegira iritsiko gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak