Herrizaingo sailak emandako datuen arabera, goizeko 11:00 aldera gertatu zen egubakoitzean, Oñatin. Ertzaintzak etxe batera joateko oharra jaso zuen bertan lapurreta egiten omen zeudelako.
Etxebizitzaren jabea bere etxera heldu eta ustezko bi lapurrak harrapatu zituen barruan. Lapurrek, hori ikustean, kalera alde egin zuten. Biktimak oinezkoen laguntza izan zuen lapurretako bat atxiki ahal izateko, besteak ibaiaren ondoan dagoen aldapa batetik ihes egin zuen bitartean.
Ertzaintzaren patruila batek atxilotua hartu zuen eta lapurretan ustez erabilitako bihurkin bat konfiskatu zion. Gertakariak ikertzen ari da Ertzaintza eta etxebizitza ikuskatu du. Lapurrek etxeko ataria palankaz mugitu zuten eta solairuetako batera igo zuten. Sarraila bortxatuz barrura sartu ziren. Ertzainek etxea nahasita aurkitu zuten: tiraderak eta armairuak zabalik, pasilloan ordenagailu eramangarria eta elementu elektronikoak barruan zituen poltsa bat aurkitu zuten. Lapurrek ezin izan zituzten objektu hauek ostu jabea heldu zenean presaz alde egin zutelako.
Atxilotuak aurrekari polizialak ditu ebasketa eta lapurretak direla eta, eta epailearen esku utziko dute.