Zergatik mota horretako ikastaro bat?
Ba, Oñatiko kasuan izan da herriko hainbat emakumek egindako eskaerari erantzuteko. Aloña Mendiko karate sailekoekin hartu-emanetan ipini ziren defentsa pertsonaleko ikastaroren bat antolatzeko asmoa zuten galdetzeko.
Deialdia emakumeen artean egin duzue.
Bai, hala da. Emakumeendako ikastaroa da. Adinari dagokionez, normalean, 16 urtetik gorakoak animatzen dira. Gehienek ez dute erasorik jasan, baina badaude batzuk baietz.
Parte-hartzaileek ez dute arte martzialetan esperientziarik izan behar. Oinarrizko ikastaroa izango da. Erasoen aurrean defendatzen ikasteko.
Nolako ikastaroa izango da?
Teorian faktore psikologikoa lantzen dugu eta alde praktikoa lau zatitan dago sailkatuta: defentsa teknikak, ondo jotzen jakitea, lotuta gaudela askatzea eta lurrean gaudela irtetea.
Zergatik urtebeteko ikastaroa?
Maiatzean egin genuen defentsa pertsonaleko ikastaro laburragoa. Urtebeteko ikastaroa izanik, kontzeptuak sakonago lantzeko aukera ematen digu. Praktika egiteko askoz denbora luzeagoa izango dugu. Dena den, saio bakarra egingo dugu astero: martitzenetan, 19:00etatik 20:30era, Zubikoa kiroldegian.
Zenbat teknika daude?
Asko daude, baina guk erakusten ditugunak ez dira horrenbeste. Bost edo sei oinarrizko teknika jakitea nahikoa da eraso bati aurre egin ahal izateko.
Emakumeok poltsan eroaten ditugun objektuak nahiko dira eraso bati aurre egiteko?
Bai, horixe. Emakumeek poltsan eroaten dituzten gauzak baliagarriak dira; besteak beste, etxeko giltzak, betaurrekoak, telefonoa eta boligrafoa. Horrelako tresnak nola erabili erakutsiko dugu ikastaroan. Kafe koilara batekin, esaterako, gauza asko egin daitezke: gorputzaren presio puntuetan sakatu edo saihets-hezurretan sartu eta min egin. Horrekin lurrean utz dezakegu erasotzailea. Bestalde, zapaten takoiarekin oin gainean zapaltzeak min handia ematen du.
Nire ikasleei esaten diet ikasitakoa praktikan ipini behar dutela, baina, ahal bada, biolentzia barik. Halako ikastaroak egin ditugu Tolosan eta Bergaran, eta emakume guztiei esaten diet gauza bera.
Halako ikastaroak behar-beharrezkoak dira?
Zoritxarrez, bai. Emakumeen kontrako eraso eta bortxaketa kopurua geroz eta handiagoa da. Gizartea jabetzen da arazo larria dela, baina muga ipintzea oso zaila da.
Oinarrizko teknika batzuk menderatuta aurre egin diezaiokegu eraso bati. Orain dela gutxi arte, halako erasoak Euskal Herritik kanpo gertatzen ziren. Urrutiko kontuak ziren guretako. Baina, azkenaldian, geroz eta gertuago ditugu erasoak. Kontua ez da emakumeen artean alarma sortzea, baina halako ikastaroak beharrezkoak dira.