Herri bazkariko antolatzaileek "une berezia eta hunkigarria" izatea espero dute. Hori horrela, bazkaria hasteko bideo bat ipiniko dute. Irudi eta argazkien bidez Ulmak 50 urteotan egindako ibilbidea gogora ekarriko dute. Gainera, gizarte, enpresa eta kooperatiba esparruko hainbat pertsonek zorion agurrak bidaliko dituzte.
Bazkal ondorengo giroa animatzeko musika izango da nagusi. Hain justu ere, musika jarri eta bazkarian daudenak dantzan ipintzeko ardura Oihan Vega bergararrak izango du. Ekitaldia bukatzeko, enpresa laguntzaile batzuek emandako opariak zozketatuko dituzte bazkarian daudenen artean.