Diskoa, kostata, baina kalean da.
Aspaldiko abestiak guztiz bukatu ditugu eta soinu aldetik oso gustura geratu gara. Ez da disko soila, azken 7-8 urteotan denon artean egin ditugun kantuen bilduma da. Batzuk maketako abestiak dira eta Oñati Bizirik-en jasotakoak; besteak, berriak. Lokalean eta gaztetxean geuk egindako grabazioak geneuzkan; oraingoan, ordea, estudio batean grabatutako diskoa nahi genuen, adituak direnekin egindakoa.
Bitz-en historia da diskoa.
Askotariko estiloak batzen dituen lana da. Gure hasierako kantuak punkagoak dira, ezberdinagoak. Diskoan oso ondo islatzen da gure kantuen eboluzioa. Eginda geneukan guztia batu dugu.
Aeroson estudioan grabatua.
Egun gutxitan, baina oso intentsua izan zen. Emaitza freskoa eta espontaneoa nahi genuen. Grabatzera joan aurretik lokalean prestatu genuen.
Teknika ona duzue; lekurik bai inprobisaziorako?
Gure ustez, teknikoak baino gehiago, espontaneoagoak gara; lan egiteko era ere hori da. Denbora batez geldi egoten gara, baina gero, elkartzean, bat-batean martxan jartzen gara. Ez gara entseatzeko garaian profesionalak.
Nola hartu dute diskoa zaleek?
Desberdinak garela esaten digute, eta ikusteko dibertigarriak. Oso zuzeneko bereziak dira. Denok 15 urterekin berdina entzuten genuen; orain, bakoitzak joera propioa dauka. Gure musikan igarri da zabaldu egin garela. Baina denok batzen gaituen influentzia punk-rocka da. Egia da kantuak egiteko orduan ez diogula begiratzen ze estilo den. Gustatzen bazaigu, aurrera!
Musika freskoa, alaia… erraz entzuten direnak.
Abesti batzuk lehenengoan sartzeko modukoak dira, baina badaude arraroagoak eta ondo entzun beharreko abestiak, ez direnak hain errazak.
Bezero bila abestian stoner ukitua ere baduzue!
Erritmo aldaketak daude, beti berdina egitea ez zaigu gustatzen. Abesti desberdina da; Odola abestia oso funka dela esan ziguten estudioan… ez diogu garrantzirik ematen estilo bati. Barrutik irteten dena egitea gustatzen zaigu.
Taldekide batzuk MC5en bertsioak egitera ausartu zarete.
Jaietako bertsioen egunerako antolatu genuen. Lau bat kantu egin genituen, baina Show Bussineskoekin batu eta MC5 taldeari omenaldia egin genion.
Arima bako zonbi asko dago?
Guk gura baino gehiago. [Barre] Inguruan baino gehiago, bakoitzak barruan ere badarama zonbia. Letrak irekiak dira eta ez dute zentzu bakarra. Nahi duenak egin dezala bere interpretazioa! Letra fantasiosoak dira, pelikulero samarrak, formatu hori dute. Errealitatea eta fikzioa batuta.