Oñatin faxisten errepresioa jasan zutenen oroimenez

Mireia Bikuña 2011ko irailaren 20a

Gogoratu Guran Taldeak eta Oñatiko Udalak, 1936ko gerran hildako guztiak omenduko dituzte domekan, hilaren 25ean, 19:00etan. Hildakoen senitartekoak gonbidatu ditute Santa Anan egingo duten ekitaldira. Gainera, Kepa Aranburuk egindako Gerrako garrak Oñatik ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute.

"Ekitaldi xumea, pertsonala izango da", esan du omenaldiaren aurkezpenean Mikel Biain alkateak. Oñatzeko dantzariak eta txistulariak ez dira faltako "omenaldi hunkigarri" horretan.

Ekitaldian egon dira baita ere Gogoratu Guran taldeko kide Nekane Arrazola eta Juan Ramon Garai. "Gerra Zibilak Oñatin izandako eragina liburu baten jasotzeko asmoa genuen, baina jasotako testigantza guztiekin, ikus-entzunezkoa egiteko materiala zegoela ikusi genuen. Orain dokumentala erakutsiko dugu. Liburua azaroaren 30ean aurkeztuko dugu", esan du Arrazolak. 40 oñatiar elkarrizketatu dituzte, artxibo eta hemeroteka asko aztertu ondoren.

Ikus-entzunezkoaren zuzendaria

Kepa Aranburuk egin du berba dokumentalaren gainean: "Teknikoki lan normala izan dela esan nuke, baina pertsonalki oso aberasgarria. Gerra Zibila gertutik bizi izan ez dugunondako, gaia oso arrotza gertatzen zaigu. Nik asko ikasi dut". Ikus-entzunezkoan, 1938an , langile batailoietan preso zeuden Demetrio Iriarte oñatiarraren musika eta Evaristo Urtasun pasaiarraren hitzak erabili dituzte. "Egoitz Aizpuru, Lander Diaz de Gereñu eta Iñigo Ugarte txistulariek eta Ganbara Abesbatzak egokitu eta eman die bizitza doinu eta hitz horiei", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak