Xabier Infante: "Arrainen antzera egoten ikasiko dute metodologia berriarekin"

Mireia Bikuña 2011ko irailaren 21a

Urriaren 17an hasiko dituzte igeriketa ikastaroak eta ur-ekintzak Zubikoa kiroldegian. Hainbat berrikuntza dituzte aurten. Nagusiena 3-4 urtetik aurrerako umeekin erabiliko duten metologiari dagokiona da. Xabier Infante igeriketa monitorearekin egin dugu berba metodologia berriaren gainean.

Zergatik erabaki duzue metodologia berria erabiltzea?
Gipuzkoako igeriketako berregituraketa prozesuaren barne txertatzen den proiektua da. Gipuzkoako Igeriketa Federazioak eta Aldundiak bultzatzen dute. Hainbat herritan hasi dira lanean, esaterako, Bergaran,Ordizian, eta Tolosan. Helburua da igeriketa ikastaroak ematen ditugun toki guztietan metodologia bera ematea, ikuspuntu berberak erabiltzea eta haurren/pertsonen garapen psikomotorrari egokitzea prozesua.

Zeintzuk dira metodologiaren ezaugarri nagusienak?
Umeak adinaren arabera banatuko ditugu. Adina, igeriketa mailak egiteko erreferentzia bat da, baina ez nagusia. Mailak egiteko irizpide nagusiena haurrak berak uretan duen abilezia maila da. Zubikoan lau maila eskainiko ditugu: zapaburuak, dordokak, amuarrainak eta balea. Maila bakoitzak hiru azpi-maila izango ditu (urrea, zilarra, eta brontzea). Adin tarte bakoitzak landu eta menperatu beharreko edukiak ditu, eta horiek gainditzen dituenean pasako da hurrengo mailara edo azpi-mailara. Pausu hori egiteko hiru hilabete behar dira gutxienez. Hori horrela, 10 asteko ikastaroak prestatu ditugu, hiru hilekoak, gutxi gorabehera.

Zein da ardatz nagusiena?
Haurren garapen erritmo pertsonala askoz hobeto errespetatzen du metodologia honek. Bestalde, urerarekiko egokitzapen positiboa lortu nahi dugu lehenik, ondoren uretako abileziak landuko ditugu, eta azkenik teknikak. Hori horrela, progresioa naturalagoa da.

Ze ezberdintasun daude orain arteko igeriketa ikastaroen eta urrian abiaraziko duzuenaren artean?
Edukiak eta metodologia oso bestelakoak dira. Orain arte igeriketa arrunta lantzen genuen.
Metodologia berriarekin askoz kontzeptu gehiago landuko ditugu: biraketak, flotazioa, urpean igeri egin... Oro har, uretan nola egon behar den erakutsiko diegu lehen-lehenik. Uretan arrainak bezala egoten jakin behar dute, edozein ezustekori aurre egiten jakin behar dute.

Eta estiloak noizko?
Abileziak horiek guztiak menderatu ondoren, estiloekin hasiko gara. Baina pausu hori ematen dutenean estiloak askoz azkarrago barneratuko dituzte.

Adinaren arabera, prozesua nola banatuko duzue?
3, 4 eta 5 urteko neska-mutikoei uretan nola egon behar duten erakutsiko diegu. Abilezia horiek menderatzen dituztenean, estiloekin lehen hartu-emana izaten dute. 8 urterekin crawl, bizkarra eta bularra eta tximeleta estiloaren lehen urratsak menderatu behar dituzte.

Bi metodologien arteko emaitzak ezberdinak dira?
Bai, oraingo sistemarekin askoz zehaztuago daudelako edukiak eta egin beharreko ekintzak. Ziur gaude emaitzak askoz hobeak izango direla, nahiz eta akaso, motelagoak izan. Baina, emaitzak etorriko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak