San Lorentzoko ermita inguruko lanak asteon hasiko dituzte

Mireia Bikuña 2011ko irailaren 13a

Artzamendik lau hilabeteko epea izango du eraberritzea egiteko. San Lorentzoko ermita inguruan dauden oztopo arkitektonikoak kendu eta irisgarritasun arauetara egokitzeko lanak egingo dituzte.

Ermita inguruan egingo dituzte lan inportanteenak; batez ere, ermita aurreko plazatxoan. Han dagoen berdeguneari bi metro kenduko diote eta arrapala egingo dute, geratzen diren bi mailen arteko desnibela gainditzeko.
Bestalde, oinezkoendako bideko zoladura berritu egingo dute eta hainbat tokitan dagoen pendiza arindu egingo dute. Azkenik San Lorentzo 38 eta 39 zenbakidun atarien artean plataforma erako zebra-bidea ipiniko dute.

Auzotarren batzordea
Elizaren inguruan egingo diren lanak San Lorentzo auzoa eraberritzeko planaren bigarren fasea besterik ez dira. Guztira 21 fase ditu plan horrek.
Lehen fasea auzoak duen bertikaltasuna gainditzeko egindakoa izan zen. Auzoak dituen bi zatiak lortzeko pasabidea eta igogailua egin zituzten. Oraingoan, auzoaren zati bateko irisgarritasuna hobetuko dute.
Aurrera begira egin daitezkeen lanak erabakitzeko, auzotarrekin bilduko dira udal ordezkariak. "Gure asmoa da atari bakoitzeko ordezkari bana bilera batera deitu, eta Errekalden egin duten antzera, bizilagunen batzorde bat osatzea", esan digu Hirigintza eta Zerbitzuak batzordeko buru Iosu Lizarraldek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak