Lau agintaldi. 16 urte zinegotzi moduan.
Edozein lan egiteko urte asko dira, baina nik esango nuke askoz gehiago direla zinegotzi moduan lan egiteko. Udaletxeko lanez gain, familia eta enpresako lana nuen, eta guztia bateratzea oso gogorra izan zen. Dena den, orduko oroitzapen oso onak ditut. Auzoak eta Mendiak batzordean oso gustura ibili nintzen.
Badira bost urte politika utzi zenuela. Ahaztuta daukazu?
Politikan egoten diren albisteak jarraitzen ditut, baina, kanpotik. Hedabideetan publikatzen diren albisteak irakurtzen ditut, eta botoa ematera joaten naiz.
Oro har, oroitzapen onak dituzula esan diguzu.
Bai, hala da. Lan handia egin genuen, eta orduan udaletxean zeuden gainerako alderdietako zinegotziekin hartu-eman ona izan genuen.
Zeintzuk dira egindako proiektu aipagarrienak?
Auzoen alde lan handia egin genuen gure batzordean. Auzo-bideetan hormigoia bota genuen, eta auzoetaraino edateko ura eroaten hasi ginen. Aurreko agintaldian hasi ziren urarekin. Uribarrin lanak bukatuta zeuden, eta hasita Olabarrietan, Murgian eta Berezaon. Horiek bukatu eta gainerako auzo guztietara eroan genuen ura, baita Urrexolara eta Araotzera.
Baserrietako saneamendua ere egin zenuten.
Oñatik 16 auzo ditu, eta 13 auzotan egin genuen saneamendua. Larrañan hasi ginen, eta ondoren egin genituen Berezao, Murgia, Lezesarri... Araotzen, Urrexolan eta Arantzazun lanak egin barik geratu ziren.
Gustua hartuko zuten auzotarrek saneamendua.
Bai, kontuan hartuta Oñati dela herri bakarra baserri guztietara saneamendua eginda duena. Ur zikinak eta etxeko urak sarera, kolektore nagusira eroan genituen. Beste herri batzuetan, hobi septikoak dituzte, baina ez saneamendua baserriz baserri.
Auzo-bideetan hormigoia bota zenuten, baina toki batzuetan asfaltoa ere bai.
Aldapa handiak zeuden tokietan asfaltoa bota genuen, eta herritarrak paseoan ibiltzen diren tokietan, Zañartun, Olabarrietan eta Murgian, besteak beste, asfaltoa bota genuen.
Ni zinegotzi egon nintzen urteetan auzo-lan asko egiten zen. Auzotarren artean lan handia egin zuten.
Arantzaren bat?
Ez. Proiektu batzuk bertan behera utzi genituen, adostasunera heldu ez ginelako. Baina,egin beharreko lan handienak eta inportanteenak egin genituela esango nuke.
Hiru alkaterekin egin duzu lan.
Angel Iturberekin 12 urte egon nintzen, Andoni Gartziarekin hiru urte eta bakarra Lourdes Idoiagarekin. Hartu-eman zuzenena Iturbekin izan nuen. Alkate ona izan zen. Andoni Gartzia egon zenean, Joxe Fernandezek egiten zituen gehienbat alkate lanak.
Asko aldatu da Oñati ordutik.
Bai, itxura asko aldatu du. Batez ere, lan handiak egin dira irisgarritasun aldetik. Bestalde, hilerri inguruan, herri guneko auzoetan, postetxe aurrean, eta herriko plazan egindako lanek Oñatiren bizi-kalitatea hobetu dutela esango nuke.