Euskal Kopatik kanpo geratu da Sustrai-Aloña maila ona erakutsi duen Zornotzaren aurka: 74-82

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 11

Nahi baina ezin. Euskal kopatik kanpo geratu da Sustrai-Aloña finalaurdenetan. Aurredenboraldian gaudela ahaztu barik, partidu ona egin zuten Xabi Igartuaren mutilek, baina hori aurten ez da nahikoa izango. EBAn beste maila bat dagoela argi eta garbi ikusi zuten atzo oñatiarrek, izan ere, maila eta multzo berean dagoen Zornotzaren aurka neurtu zituzten indarrak. Lehia parekatua eta borrokatua ikusteko aukera izan zen atzo Zubikoan baina azken txanpan eraginkorragoak izan ziren kanpokoak saskiratzeetan.

Asko falta zaio oraindik Sustrai-Aloñari urriaren 22an hasiko den ligara begira. Hala ere, atzokoan EBA nolakoa izango den ideia bat egiteko aukera izan zuten ligan aurkari izango duten Zornotzaren aurka jokatu zituzten-eta Euskal kopa finalaurdenak. Lehia borrokatua izan zen –ez zen inungo momentutan hamar puntuko aldea egon markagailuan– baina azken txanpan hobeto aritu ziren zornotzarrak saskiratzeetan.

Zornotza, "talde indartsua"
Xabi Igartua entrenatzailea pozik zegoen Zornotzari aurre egiteko gai izan zirelako: "Talde indartsua izan dugu aurrean. Izan ere, laugarren geratu zen iaz EBA ligan, hau da, oso ondo ibili ziren. Beraz, talde handi bati aurre egiteaz eta euren parean egoteaz harro egon gintezke".
Kronika osoa eta Xabier Igartua entrenatzaileari elkarrizketa, asteleheneko Goiena paperean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak