San Migel parrokiako kanpaitorreak bederatziak puntu-puntuan jo ostean, hasi zen ikuskizuna. Lehenik, Ulmako presidente den Irene Alberdik hartu zuen hitza. Izan ere, Ulmaren 50. urteurreneko ospakizunen barruan antolatutako emanaldia zen. Presidenteak esan zuen eurendako benetan kontzertu berezia zela eta horrelako bi talde entzutetsu bertan izatea eurendako plazera zela gaineratu zuen.
Estenatoki ez-ohikoa
Jose Antonio Sainz Orfeoiko zuzendariak eurendako kalean abestea ez-ohikoa dela esan zuen kontzertu hasieran: "Guk ez dakigu aire librean abesten, baina okasioak merezi zuen. Are gehiago, Bilboko Bandaren laguntza izanik. Baina guretzat kontzertu hau oso zaila da, giro-soinu asko dago-eta. Beraz, isiltasuna eskatzen dizuet. Mesedez, umeak isilik egon daitezela, gero erosiko diet piruleta bana".
Hitz horien ostean, musikarien eta abeslarien txanda etorri zen; benetan emanaldi zoragarria eskaini zuten.
Errepertorioa bikaina
Orfeoiko ehun abeslariak eta Bilboko Bandako berrogeita hamar maisuak lehendabizikoz taularatu ziren bateratuta, baina elkar oso ondo hartu zuten. Errepertorio herrikoia eskaini zuten, besteak beste: Oñatin jaiotako Aita Madinaren Aita gurea, Jesus Guridiren Cuadros vascos eta Iñaki Urkizuren Kantaldia abestu zituzten. Jendeak oso gustura entzun zituen euskal kantagintzako abesti ezagunak.
Hauxe esan zigun Orfeoiko kide den Esteban Urtzelai oñatiarrak: "Ez da ohituen gauden errepertorioa izan, normalean operako abestiak kantatzen ditugu. Hala ere, programa egokia izan dela iruditzen zait: euskal kanta asko eta kantu ezagun dezente. Jendearentzako arinagoa izan da". Alexander Borodin-en Igor printzea operako Plovetsiren dantzak ere maisuki interpretatu zituzten.
Abesti batzuetan uztartuta egin zuten lan, baina Bilboko Bandak bakarka ere jo zuen. Hala, Jesus Guridiren Baserria zarzuelako bigarren ekitaldiaren preludioa eta Henry Mancini musikagilearen doinurik ezagunenen bilduma jo zituzten; benetan bikainak izan ziren.
Amaiera ustekabekoa izan zen
Behin programan zehaztutako kantak abestu ostean, zuzendariak gaueko ezustekoa iragarri zuen: "Ez gara propina gabe joango. Gainera, ezustekoa oso berezia da. Dakizuen bezala, Orfeoian oñatiar bat dugu eta zuzendari-ordea denez, kontzertua ixteko abestiak berak zuzenduko ditu".
Une horretan Esteban Urtzelai korotik jaitsi eta taularen aurrealdera etorri zen. Jendeak txalo zaparrada batekin hartu zuen. Sainzek berriro hitza hartu eta: "Protokoloaren arabera, ezin ditu zuzendariak baino txalo gehiago jaso, baina oñatiarra izanik...".
Orduantxe etorri ziren emanaldiko une hunkigarrienak. Urtzelai oñatiarraren zuzendaritzapean Mikel Laboaren Txoria txori kanta jo zuten, adibidez. Ikuskizunaren amaieran Urtzelai hunkituta zegoen: "Niretzat berezia izan da. Koru munduan Oñatin hasi nintzen eta Orfeoian nago bertan eman nituen urratsengatik. Orain Orfeoiaz hona etortzea izugarria izan da. Ulmak egin duen muntaia ikusi dudanean, harrituta gelditu naiz".
Jendea aulkietatik jeikita amaitu zen kontzertua eta txalo zaparrada ikaragarria izan zen. Jendea gustura eta pozik gelditu zen entzundakoarekin.