Aurreko bi urteetan Eusko Jaurlaritzako bozeramale Idoia Mendia joan izan da Arantzazura, eta aurten ere azken unera arte bere zain egon diren arren ez da azaldu. Beste berritasuna izan da Oñatiko Udal Gobernuko kideak eta hainbat diputatu ez direla Basilikara sartu.
Bakearen aldeko konpromisoa
Oñatiko Udal Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izan dira Arantzazura iristen lehenak. Izan ere, 10:00ak inguruan Gandiaga Topagunera joan dira bertako instalakuntzak ezagutzera. Gipuzkoako Diputaziotik etorri dira Garbiñe Rekondo (Administrazio Orokorreko diputatua), Elena Franko (Ogasuneko diputatua), Jon Urigen (Landa Garapenerako diputatua) eta Larraitz Ugarte (Mugikortasun eta Bide-azpiegiturako diputatua). Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiaren presidente den Loitzune Txarola ere beraiekin izan da.
Larraitz Ugartek adierazi du bakearen eta euskal kulturaren aldeko konpromisoa adieraztera etorri direla Arantzazura: "Oñatiko Udal Gobernuko ordezkariekin batera Gandiaga Topagunea ezagutzera etorri gara. Foru Aldundi bezala euskal kulturarekiko eta bakearekiko gure konpromisoa adieraztera etorri gara; esatera adierazpen horrekin koherenteak izango garela. Arantzazu euskal kulturaren eta bakearen ikurra izan da beti".
Jaurlaritzaren zain
Oñatiko udalbatzako EAJko zinegotziak guztiak eta Markel Olano diputatu nagusi ohia ere izan dira Arantzazun. Diputazioko eta Oñatiko Udal Gobernuko kideekin batera jaso dute dantzarien aurreskua, Arantzazuko Basilikarako bidea hartu aurretik. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzarik etortzeko zain egon dira azken momentura arte, baina inor agertzen ez zela ikusita 12:00etan Basilikarako bidea hartu dute politikariek.
Elkarretaratzera eta elizara
Basilikaren atarira iristean bide desberdinak hartu dituzte ordezkari politikoek. Loitzune Txarola (EA) eta Jon Urigen (EA) Basilikara sartu dira, Oñatiko EAJko zinegotziekin eta Markel Olanorekin batera. Gainontzeko diputatuak eta Oñatiko Udal Gobernuko kideak, berriz, alkatea buru zutela urtero egiten den euskal presoen aldeko elkarretaratzera batu dira eta txalo artean hartu dituzte. "Euskal presoak etxera" zioten ohiak ozen entzun dira.
Mezaren ostean ordezkari politikoak elkarretaratzearen paretik igaro direnean txalo zaparrada jaso dute, eta behin elkarretaratzea pasata, politikariek ere txaloekin erantzun dute.
Elkarretaratzearen parean Ertzaintza egon da.
ETAri desagertzeko eskaria
Urtero moduan Jose Inazio Munillak eman du mezu eta homilian Arantzazuko Amabirjinari eskatu dio bake bidea urratsak eman behar dituztenen "bihotzak ukitzeko". ETAri desegiteko "ausardia" eskatu dio eta "egindako gaizkia argi eta garbi aitortzea": "Horrenbeste min sendatzeko ezinbestekoa da gardentasunez hitz egitea. Indarkeria gaitzesteko eskatzen dugu; lehengoa, oraingoa eta etorkizunekoa", esan du Munillak. Elizak bere partetik indarkeriaren biktimak babesten jarraituko duela azaldu du.