Belarren inguruko azoka antolatu du Artasok Arantzazun

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 9a

Artisau azoka egingo dute etzi, domeka, Arantzazun Artaso elkarteak antolatuta. Urtero egiten duten legez, gai konkretu baten bueltan jardungo dute: belarrak izango dira aurtengo protagonistak. Horren baitan, Bergarako Anaje Narbaiza eta Oñatiko Paulina Kernstock-ek belarren gaineko irteeratxoa egingo dute Arantzazun bertan.

Elkartekoen asmoa azoka Santiago egunez, uztailak 25, ospatzea zen; baina, eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuten azoka, eta atzeratzea erabaki zuten. Hala ere, elkartekoen asmoa aurrerantzean azoka Santiago egunarekin batera ospatzea da.

Belarren inguruan izango da

Azokaren edizio bakoitzak gai konkretu bat izaten du. Hala, aurten belarren inguruko postuak jarriko dituzte. Belarrekin egiten diren sendabelarrak egongo dira ikusgai, eta baita belarrekin egindako apaingarriak ere.
Kepa Elortza Artaso elkarteko kideak dio azoka Arantzazuko plazatxoan izango dela, erlojua dagoen dorrearen azpian. 10 postu inguru jarriko dituzte, eta gaineratu du gehienak belarrarekin zerikusiak dutenak izango diren arren, beste motatako postu batzuk ere izango direla Arantzazun: xaboigileak, zeramika, lore sikuak, eztia... Azoka goiz partean izango da, 10:00etatik 15:00etara. "Gainera, azoka girotzeko musika jartzen dugu; aurten, Zumarragako txalapartariak etorriko dira, eta meza orduetatik kanpo joko dute".
Belarrarekin zerikusia duten postuen artean Aizarnatik eta Oiartzundik etorritako petrikiloak egongo dira, eta belarrarekin ukondoak nola egin erakutsiko dute. Gainera, Bergarako Anaje Narbaiza eta Oñatiko Paulina Kernstock ere izango dira azokan, eta, belarren gaineko irteeratxoa egingo dute.

Irteera 10:30ean izango da

Hain zuzen, irteeratxoa izango da domekako azokako berezitasuna. "10:30ean irtengo dugu. Gaur egun dauden sendabelarrak ezagutu eta nola batzen diren erakutsiko dute", azaldu du Elortzak. Arantzazu inguruko zelaietan egingo dute irteeratxoa.
Narbaiza eta Kersntock-ek adierazi dute belarrak nola eta zenbat batu behar diren azalduko dutela domekan.

Artaso elkartea

"Arantzazu eta artisautza lotzea da gure asmoa, eta Euskal Herri mailan Arantzazu erreferente izatea", dio Elortzak. Asmo horrekin hasi ziren lanean Artasoko kideak orain dela lau urte. "Artisautza erreferentzia izateko leku aproposena Arantzazu dela uste dugu", gaineratu du.
Taldea osatzen duten gehienak Arantzazurekin zerikusia dutenak dira, bai han jaio direlako edo baita han hazi direlako ere.
2008an egin zuten lehenengo artisau azoka Arantzazun. Orduan birziklapenaren inguruan jardun zuten: "Pilotalekuan egin genuen lehenengo azoka, eta oinezko bideetatik kanpo geratzen denez ez zen hainbeste jende etorri", azaldu du Elortzak.
Bigarren urtetik aurrera plazatxoan egin izan dute: "Orain bi urte artisautza izan zen gaia eta iaz naturaren inguruan jardun genuen", gaineratu du Elortzak azokaren gainean. Eguraldiak laguntzea ezinbestekoa izango da eguna borobiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak